Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentzia metatuak goraka jarraitzen du EAEn, gazteen arteko kutsatzeak tarteko

Azken 14 egunetako tasa 132koa da 100.000 biztanleko. 17-18 urteko pertsonen intzidentziak ere puztuta segitzen du: 1.132 kasu.

Bi gazte, Donostian. Argazkia: EFE
Bi gazte, Donostian.
Positibotasun tasak gora egin du nabarmen EAEn

1:44

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak bete-betean harrapatu du oraindik txertatu gabe dagoen gazteria, eta azken egunetan adin tarte horretan izandako kutsatzeek Euskadiko intzidentzia tasa metatua etengabe igoarazi dute: azken 14 egunetako tasa 132 kasukoa da 100.000 biztanleko, bezperan baino bederatzi puntu gehiago.

Izan ere, 65 urte baino gehiagoko taldean (txertaketa pauta osoa dute) ez beste guztietan gora egin du intzidentziak. Denetan kezkagarriena da 17-18 urteko pertsonena: 1.132 kasu 100.000 biztanleko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratuta buletin epidemiologikoaren arabera, ostegun honetan 406 kutsatze zenbatu dituzte, bezperan baino 18 gehiago, 6.628 proba diagnostiko egin ostean (bezperan baino 888 gutxiago). Positibotasun tasak puntu bat egin du gora: % 6,1eraino. Lurraldeka, Bizkaian hauteman dituzte gehien  (178 positibo), Gipuzkoan, 170 eta Araban, 45. Horiei guztiei EAEtik kanpo bizi diren 13 pertsonen kasuak batu behar zaizkie.

Dena dela, azken 14 egunetako intzidentzia tasari erreparatuta, Gipuzkoa da kaltetuena: 100.000 biztanleko 142 kasu ditu (EAEko tasatik gora, beraz). Bizkaian eta Araban, 127 eta 107 kasu dituzte, hurrenez hurren. Izan ere, gorriz margotutako herriak (400 kasuko intzidentziatik gorakoak) dituen lurralde bakarra da: Zumaia eta Hernani daude gunerik latzenean, covid-19aren semaforoaren arabera. Azken udalerri gipuzkoar horretan birusa harrotuta dago erabat: atzo 65 kasu atzeman zituzten (aurreko egunetan 44 eta 52 izan ziren).

Logikoki, Gipuzkoa da oinarrizko birsorkuntza tasa handiena duen lurraldea. R0 bezala ezagutzen den zenbaki horrek positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua adierazten du. Bada Gipuzkoan 1,65ekoa da, Bizkaian 1,33koa eta Araban 1,12koa. EAEn 1,41ekoa da, bezperan baino ia hamar bat handiago.

Birusa bereziki erasaten ari da gazteria. Ostegunean hautemandako 406 positiboetatik 250 19-39 urtekoei dagozkie, eta 97, 19 urte beherakoei. Azken talde hori adin tarteka zehaztuta, 17-18 urteko 69 gaztek eman dute positibo.

Erietxeei dagokienez, 26 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, bezperan baino sei gehiago. Hala, guztira, 63 pertsona daude gela arruntetan, aurreko egunean baino bat gehiago.

Horrez gain, ZIU geletan 33 gaixo daude covid-19ak jota, bezperan baino bat gehiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak