Gizartea -

Tragedia Mediterraneoan

Gutxienez 43 pertsona hil dira Tunisiako kostaldean, ontzi bat hondoratuta

Urtea hasi denetik 700 pertsona inguru ito dira Mediterraneoan, Europako kostaldera iristeko saiakeran, baina kopurua handiagoa izan daiteke.

Gainera, 32 pertsona migratzaile erreskatatu dituzte Cabreran (Balear Uharteak). Argazkia: EFE
Gainera, 32 pertsona migratzaile erreskatatu dituzte Cabreran (Balear Uharteak). Argazkia: EFE
Gainera, 32 pertsona migratzaile erreskatatu dituzte Cabreran (Balear Uharteak). Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 43 pertsona desagertu dira Mediterraneo itsasoko uretan, ontzi bat hondoratuta. Tragedia Tunisiako kostaldean gertatu da. Ontzia Libiako Zawara hiritik atera zen, pertsonen kontrabandoan aritzen diren mafiek antolatutako bidaian, Ilargi Gorriko ordezkari batek gaur jakitera eman duenez.

Migraziorako Nazioarteko Erakundearen (IOM) estatistiken arabera, urtea hasi denetik 700 pertsona inguru ito dira Mediterraneoan, Europako kostaldera iristeko saiakeran, baina Missing Migrants programak ohartarazi duenez, kopurua handiagoa izan daiteke; izan ere, arrastoa jarraitzeko zailak diren ontzi "fantasmak" erabiltzen dituzte mafiek.

Esan bezala, igande honetan hondoratutako ontzia Zawaratik atera da ordu batzuk lehenago, Tunisiako mugatik gertu. Jitoan nabigatzen ari zen haize bolada bortitzen, olatuen eta korronteen ondorioz.

Ontzia zihoazen beste 84 pertsona erreskatatu eta lehorrera eraman dituzte. Gehienak Egipto, Sudan, Eritrea eta Bangladesheko herritarrak dira. Artatu eta atxiloketa zentroetara eraman dituzte.

Apirilaren 17an, beste 41 pertsona itota hil ziren Mediterraneoan, tartean dozena bat emakume eta umetxo bat, Sidi Mansourreko hondartzan bertako mafiek itsasoratutako beste ontzi bat hondoratu ondoren, Sfax hiritik hurbil.

INTERESEKOA: Pertsona migratzaile edo/eta errefuxiatua: Kategorizazioa, nori interesatzen zaio?

Asteburu honetan naufragioa gertatzeko arrisku handia zegoela ohartarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek, azken hamar egunetan itsasoratzeko eguraldi paregabea izan delako.

Ostiralean, zortzi pertsona hil ziren, eta beste 46 erreskatatu zituzten ontzi bat hondoratu ondoren, Libiatik korronteak eramanda.

Beste bi pertsona hil ziren astebete lehenago, 178 gizon eta emakume zeramatzan ontzi baten naufragioan. Tunisiako kostazainek erreskatatu eta lehorrera eraman zituzten.

Bangladesh, Eritrea, Egipto, Mali eta Boli Kostako herritarrak ziren, eta Zawarako hiritik abiatu ziren. Era berean, beste 267 pertsona egun bat lehenago itsasoratu eta jitoan nabigatzen ari ziren, ontziaren motorrak matxura izan zuenean. Tunisiako patruilariek topatu zituzten.

Gainera, beste 14 pertsonaren gorpuak berreskuratu dituzte larunbat honetan, Zawiya hiritik gertu, hondartza batean, Tunisiako mugatik hurbil, IOMk jakitera eman duenez. Afrikako iparraldetik Europara iristeko migrazioaren tranpolinetako bat da Zawiya hiria.

Azkenik, 32 pertsona migratzaile erreskatatu dituzte larunbat goizean, Cabrera artxipelagoaren (Balear Uharteak) uretan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Europar Batasuna Migrazioa Europa Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Naufragioak Itotzeak Mediterraneo itsasoa gaur