Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentzia metatuak goraka jarraitzen du EAEn, Gipuzkoa buru duela

Tasa orokor hori 36 puntu igo da ostiraletik, eta 100.000 biztanleko 168 kasutan dago. Erietxeetan egoera egonkor dago: bederatzi lagun ospitaleratu dituzte eta 36 gaixo daude ZIUetan.

Hainbat pertsona kalean, maskara jantzita. Argazkia: EiTB Media
Hainbat pertsona kalean, maskara jantzita.
Hainbat pertsona kalean, maskara jantzita. Argazkia: EiTB Media

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Birusak harrotuta jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta horren adierazle da azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatuaren bilakaera. Ostiraletik 36 puntu egin du gora, eta 100.000 biztanleko 168 kasutan kokatu da. Tasa horrek gora egin du hiru lurraldeetan, baina aipagarria da Gipuzkoako datua: 100.000 biztanleko 209 kasukoa da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratu ditu, buletin epidemiologikoaren bitartez, asteburu osoko datu zehatzak (larunbat eta igandean datu orokorrak baino ez ditu zabaltzen). Azken orduetan 367 positibo berri hauteman dituzte, 5.305 proba diagnostiko egin eta gero (positibotasun tasa % 6,9koa da). Datuok ostiralekoen ildotik datoz, kutsatze eta positiboen tasa egonkor mantendu batira. Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien: 167. Gipuzkoan 146 izan dira, eta Araban, 34. Horiei guztiei EAEtik kanpo bizi diren bederatzi lagunen positiboak batu behar zaizkie.

Zenbatutako positibo guztietatik gehienak 19-39 urtekoei (150 kasu) eta 0-18 urtekoei dagozkie (140 kasu). Azken talde horri erreparatuta, aipatzeko moduak dira 17-18 urtekoen artean atzemandako 77 kutsatzeak, eta 13-16 urteko nerabeen artean zenbatutako 42ak. Datu txar horiek intzidentzia tasa metatuan dute eragina. Hala, 17-18 urtekoen azken 14 eguneko intzidentzia tasa 1.681 kasukoa da 100.000 biztanleko. Nerabeena, hain nabarmena ez bada ere, goraka ari da etengabe (259 positibokoa da gaur-gaurkoz). Bi tasa horiek EAEko batez besteko intzidentziatik gora daude.

Lurraldeka, Gipuzkoa erasaten ari da bereziki birusa, eta lurralde horretako intzidentzia 209 kasukoa da jada. Tarte handiagora daude Bizkaiko datuak (148 kasu) eta Arabakoak (132 kasu). Hernanin bereziki kezkagarria da egoera epidemiologikoa: asteburuan 92 kutsatze atzeman dituzte (52, ostiralean; 26, larunbatean eta 14 igandean), eta azken 14 egunetako intzidentzia 1.381 kasukoa da 100.000 biztanleko. Hernani gain, astelehen honetan Astigarraga eta Urnieta sartu dira gune gorrian, koronabirusaren semaforoaren arabera. Horrez gain, Soraluzeko egoera ez da gozoa (5000 biztanle baino gutxiago duenez, ez da semafororako kontuan hartzen) eta asteburuan 37 kutsatze zenbatu dituzte. Ostiralean agerraldia hauteman zuten herrian, Saloura ikasketa bidaian joandakoen artean.

Bada datu positiborik: oinarrizko birsorkuntza tasa (R0a delakoa, positibo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten duen zenbakia) 10 puntu jaitsi da ostiraletik, eta 1,51n kokatu da. Halaber, erietxeetako egoera ez da bereziki kaskartu. Igande honetan bederatzi pertsona ospitaleratu dituzte, eta guztira, 50 pertsona daude gela arruntetan ingresatuta. ZIUetan, berriz, 36 gaixo daude, bezperan baino bat gehiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak