Gizartea -
Barrakak
Barruti bakoitzeko hiru barraka jartzeko aukera emango du Bilbok abuztuko bigarren hamabostaldian
Gainera, Etxebarria parkeak Italiar Zirkua hartuko du irailean, hilaren 1etik 30era bitartean. Udalak "sektorearen funtzionamendua ahalbidetzeko" hartu du erabakia, Aste Nagusia antolatzeak ekarriko lituzkeen "jende-pilaketak saihestuz".
Agentziak | EITB MEDIA
Bilboko Udalak hiru barraka eta txurro-denda bat baimenduko ditu hiriko barruti bakoitzean abuztuaren bigarren hamabostaldian, Aste Nagusian lan egiten zuten egunetan.
Izan ere, bigarren urtez jarraian, ez da Aste Nagusirik ospatuko eta, beraz, abuztuaren bigarren hamabostaldian ez da barraka eta zirku esparrurik izango Etxebarria parkean.
Udalak ohar batean azaldu duenez, "sektorearen funtzionamendua ahalbidetzeko" hartu du erabakia, "segurtasun neurri egokiekin" eta Aste Nagusia antolatzeak ekarriko lituzkeen "jende-pilaketak saihestuz".
Data horietatik kanpo, gainera, bi edo hiru barraka jartzeko baimena eman daiteke, auzoetako Jai Batzordeek antolatutako ekitaldi edo aste kulturalen esparruan.
Gainera, Etxebarria parkeak Italiar Zirkua hartuko du irailean, hilaren 1etik 30era bitartean, Aste Nagusia igaro ondoren.