Gizartea -

covid-19 testak

Covid-19a norberak detektatzeko testak: erabilgarriak, arduraz jokatuta

Aste honetan bertan, farmaziek autodiagnostiko-testak errezetarik gabe saldu ahal izatea espero da. Herritarrek "arduraz jokatzea" eta osasun zerbitzuei emaitza positiboak jakinaraztea espero dute farmazialariek.

Antigorputzen testak. Argazkia: EFE
Antigorputzen testak.
Antigorputzen testak. Argazkia: EFE

Olatz Prat | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikusitakoa betetzen bada, aste honetan bertan errezetarik gabe eskuratu ahal izango dira covid-19a norberak detektatzeko testak. Asteartean Ministroen Kontseiluak baimen hori onartzea espero da eta, behin Estatuko Aldizkari Ofizialen argitaratuta, datozen egunotan edozeinen eskura egon litezke proba horiek farmazietan.

Joan den abendutik daude testok salgai farmazietan, baina sendagiriarekin soilik. Errezetarik gabe eskuratu ahal izatea da berritasuna. Horrenbestez, maiatzean indarrean jarri asmo zuten baimena aurki beteko da. Farmazia gehientsuenek biltegian dituzte dagoeneko test hauek, salmenta librea baimentzen zenerako prest. Prezio zehatzak fabrikatzailearen eta farmaziaren araberakoak izango badira ere, BEZetik salbuetsia egongo dira eta 10-15 euro bitartean kostako dira. 

Olatz Cuevas, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko kideak adierazi du, farmazialariek hasieratik begi onez ikusi dutela test hauek herritarren esku jartzea, ondo erabiltzen badira, pandemiaren kontrolerako positiboak izan daitekeelako. Halere, badute kezka bat: ez dago inongo protokolorik test horien atzean eta, beraz, emaitza positiboa lortuz gero, norberaren ardura izango da osasun zerbitzuari jakinaraztea. "Horregatik, farmazia elkargoetatik eskatu izan dugu nolabaiteko protokolo bat ezartzea, baina ez da gure eskaera aintzat hartu".

Horregatik, arduraz jokatzeko deia herritarrei "orain arte egin dugun moduan", babes neurriak zaindu eta emaitza dena delakoa izanda ere, arduraz jokatzeko.

Cuevasek dioenez Covid-19a norberak detektatzeko test hauek baliogarriak izan daitezke "bazkari bat edo edonolako konpromiso sozialen bat izan eta 'lasaiago' joateko, baina, hala eta guztiz ere, oso kontuan izan behar da probek ez dutela % 100eko zehaztasuna eta beraz positibo faltsuak edo negatibo faltsuak lortu daitezkeela karga birikoa baxua denean edo sintomarik ez dagoenean".

Izan ere, probek emaitza ahalik eta zuzenena emateko, "infekzioa gertatu denetik 7 egunen barruan edo sintomak hasi diren egunetik 5 egunen barruan egin behar dira. Hortik kanpora emaitza ez da fidagarria izango".

Hau zure interesekoa izan daiteke: Nola erabili behar dira autodiagnostikorako testak?

Ez dute balio ofizialik

Europar Batasunak gutxienez % 97ko espezifikotasuna eta % 90eko sentsibilitatea duten testak erabiltzea gomendatzen du. Cuevasek esan duenez "ikusi dugu ere, hemen errezetarik gabe farmazian erosi ezinda, Internetez testak erosten dabilela jendea, aintzat hartu gabe, produktu horiek, beharbada, ez dituztela betetzen Europar Batasunak ezarritako arauak".   

Era berean, ohartarazpena egin du Cuevasek, "test horiek ez dute balio ofizialik, ez medikuek, ez farmaziek, ezingo dute test horien emaitza frogagiri moduan erabili, ez dute balio inongo ziurtagiririk igortzeko", eta emaitza negatiboa izanda ere, beharrezkoa izango da babes-neurriak errespetatzea.

Balio ofizialik ez dutenez, ez dute balio, esaterako, bidaiatzeko ziurtagiria lortzeko, "horretarako,  klinika pribatu homologatuetan egindako antigeno edo PCR testak baino ez dira izango baliogarri".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Koronabirusa Osasunbidea Farmazien albisteak