Gizartea -

Koronabirusa

Beste errekor bat EAEko kutsatzeetan: 1.801 kasu berri, horietatik 1.078 Bizkaian

Datuek txarrera egin dute hiru lurraldeetan, baina Bizkaian dago egoerarik larriena, 205 kasuko igoerarekin.

Osasun langile bat diagnostiko proba bat egiten. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Osasun langile bat diagnostiko proba bat egiten
Osasun langile bat diagnostiko proba bat egiten. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Berezi Fernandez | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19 kasuen gorakadak ez du etenik Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE): 1.801 positibo berri zenbatu dituzte egindako 13.120 proba diagnostikoetan. Bezperako datuek (uztailak 21) pandemiako daturik latzena utzi bazuten, gaurkoek berriz hautsi dute marka, inoizko positibo kopuru handienarekin.

Azken 14 egunetan pilatutako tasak ere harrotuta jarraitzen du: 100.000 biztanleko 682koa da, bezperan baino 52 gehiago. Intzidentzia berezia dago 17 eta 18 urte bitartekoen artean, dagoeneko 4.239 kutsatu baitaude adin tarte horretan.

Eusko Jaurlaritzaren buletin epidemiologikoaren datuen arabera, lurralde guztietan egin du gora transmisioak. Bizkaian, baina, gorakada kezkagarria izan da, 1.078 kasurekin (bezperan baino 205 gehiago). Gipuzkoan, ostera, aurreko egunean baino kasu bat gehiago zenbatu dute; 482. Araban, berriz, 204 izan dira positiboak (15 kasuko igoera). EAEtik kanpo bizi direnen artean hobera egin du egoerak, izan ere, 37 lagun kutsatu dira (bezperan baino hiru gutxiago).

Datu gehienek okerrera egin duten arren, ospitaleratuen kopurua murriztu egin da. 172 gaixo ingresatu zituzten asteazkenean EAEko osasun zentroetan, asteartean baino 17 gutxiago. Gainera, 29 pertsona daude plantan, bezperan baino 20 gutxiago. Zaintza Intentsiboetako Unitateetan, ostera, hiru lagun gehiago ingresatu dituzte (45etik 48ra igarota).

Oinarrizko birsorkuntza-tasak (R0) ez du txarrera egin, eta 1,3an mantendu da azken 24 orduetan.

Heriotzei dagokienez, uztailaren 12tik 18ra bitartean lau pertsona hil dira covid-19aren ondorioz.

Datuok mahai gainean, gaur bilduko da LABI. Pandemiaren datuak kontuan izanda eta gazteen arteko transmisioa ardatz hartuta, batzordeak neurri murriztaile berriak ezarri ditzake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea