Gizartea -
Indarkeria matxista
Bi emakume hil dituzte bikotekideek Pozuelo de Alarconen eta Sabadellen
Ustezko hiltzaileak atxilotuta daude bi kasuetan. Pozuelo de Alarconen, objektu batekin buruan kolpatuta hil du gizonak. Sabadellen, emakumearen gorpua etxebizitzan topatu dute, gizonak hilketa aitortu ostean.
Agentziak | EITB MEDIA
Bi gizonek euren bikotekideak hil dituzte Pozuelo de Alarcon (Madril) eta Sabadellen (Bartzelona). Ustezko bi hiltzaileak atxilotu dituzte bi kasuetan.
Pozuelo de Alarcongo hilketa matxista gauerdian jazo da. Herritar batek larrialdietara deitu du kalean emakume bat korderik gabe eta indarkeria zantzuekin topatu duela eta. Bertaratutako osasun langileek emakumearen heriotza egiaztatu besterik ezin izan dute egin. Biktimak odol asko galdu du buruan jasotako kolpearen ondorioz. Etxeko ataritik gertu topatu dute, kalean etzanda.
Lehen datuen arabera, emakumeak etxetik ihes egin du, eta atzetik joan zaion gizonak buruan kolpatu du loreontzi batekin. Bikotearen seme-alabei laguntza psikologikoa eman behar izan diete.
Sabadellen, etxebizitza baten barruan topatu dute emakumearen gorpua, indarkeria zantzuekin. Aurrez, 23:30ean, hiltzailea, emakumearen bikotekidea, komisariara joan da krimena aitortzera.
Urtea hasi zenetik, 27 emakume hil dituzte Espainiako Estatuan bikotekideek edo bikotekide ohiek; 2003tik (genero indarkeriaren estatistikak jasotzen direnetik), 1.105 emakume hil dituzte gizon matxistek.