Gizartea -
Indarkeria matxista
Lau gizon atxilotu dituzte Gijonen, bi emakumeri, horietako bat euskal herritarra, sexu erasoa egiteagatik
Salaketa jarri dutenean argitu dutenez, lau gizonek sexu harremanak izatera behartu dituzte.
Agentziak | EITB Media
Lau gizon atxilotu ditu Polizia Nazionalak, Gijoneko ostatu batean 22 eta 23 urteko bi emakumeri sexu erasoa egiteagatik.
Ikerketako iturriek jakitera eman dutenaren arabera, bi emakumeek (horietako bat euskal herritarra, bergararra) gaur goizaldeko 6:30ean jarri dute salaketa. Polizia etxean deklaratu dutenez, gizonetako bat taberna batean ezagutu zuten bart eta berarekin joan dira ostatu batera.
Bidean, baina, beste gizonezko bat agertu da, bi biktimek adierazi dutenez. Ostatura iristean, gainera, beste bi zeuden logelan eta laurekin sexu harremanak izatera behartu dituzte.
Cabueñeseko ospitalera eraman dituzte bi emakumeak, mediku ikerketa egiteko. El Comercio egunkariak zehaztu duenez, erasotzaileek jo egin zituzten helburua lortzeko.
Lau gizonak ostatuan bertan atxilotu zituzten, eta gaur bertan epaitegian deklaratzekoak ziren. Epailea, baina, dokumentazio guztia eskuratzeko zain dago eta litekeena lau akusatuek astelehen honetan (uztailak 26) deklaratu behar izatea. Auzitegiko iturriek azaldu duenez, lekukoen testigantzak biltzeko lanean ari dira.
Biktimak babesteko kontzentrazioa
Gijoneko Emakumeen Kontseiluak kontzentrazioa deitu du astelehenerako (uztailak 26). Elkarteko ordezkariek esan dutenez, elkartasuna adieraziko diete bortxatutako bi emakumeei, "bi neska gazteek hauek, emakume izate hutsagatik, eraso bortitz hau jaso dutela" salatuz.
Adrian Barbon Asturiaseko presidenteak erasoa gaitzetsi du sare sozialetan: