Publizitatea
Itxi

2021/07/27

20:37

Gizartea

Indarkeria matxista

Ehunka lagun kalera atera dira Berrizen emakume bat hiltzen saiatu direla salatzeko

Agentziak | EITB Media

Berrizko Udalak erasoa gogor gaitzesi du, eta Azeri Gorriak asanblada feministak emakumeen segurtasuna "gero eta mehatxatuago" dagoela deitoratu du.

  • Berrizen egindako manifestazioa. Argazkia: EITB Media.

    Berrizen egindako manifestazioa. Argazkia: EITB Media.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ehunka lagun kalera irten dira Berrizen astearte honetan gizon bat bere bikotekidea hiltzen saiatu dela salatzeko. Udalerri horretako talde feministek antolatu dute manifestazioa, eta Udalak elkarretaratzea deitu du.

Ustezko erasotzailea Basauriko kartzelara bidali dute arratsaldean, atzo atxilotu ostean. Gizonak emakumearen haurrarekin ihes egin zuen bikotekidea larri zauritu ostean.

Biktimak egoera larrian jarraitzen du Gurutzetako Ospitaleko suspertze Unitatean, pronostiko erreserbatuarekin. Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, emakumea ospitalean dagoen bitartean haurtxoaren eta arrebaren ardura hartuko duela aurreratu du. Gainera, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak azaldu duenez, emakumeak hainbat salaketa jarri zituen aurretik gizonaren aurka, jazarpenagatik.

Protesta ekitaldietan izan dira, besteak beste, Roland Isoird Berrizko alkatea, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua eta Izaskun Landaida Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

Mobilizazioak Azeri Gorriak asanblada feministak deitutako manifestazio batekin hasi dira, eta ordu erdiz ibili dira Berrizko kaleetan zehar, "Erresistentzia feminista" leloa zeraman pankarta baten atzean.

Manifestazioaren ostean, Berrizko Udalak 15 minutuko elkarretaratzea egin du Urtiaga Plazan, "Emakumeen aurkako indarkeriarik ez! Nahikoa da!" lelopean.

Erasoa gaitzesteko ekitaldian, sailburuak eta Emakundeko zuzendariak babesa adierazi diete erasoa jasan duen emakumeari eta haren ingurukoei, eta ahalik eta lasterren sendatzea nahi dute.

Izaskun Landaidak azpimarratu du beharrezkoa dela herritarrek emakumeen aurkako indarkeria gaitzestea; izan ere, "emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko, beharrezkoa da gizarte osoak jarrera aktiboa izatea".

Gogorarazi du, halaber, "emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik basatiena dela eta nagusitasun- eta desberdintasun-harremanen gainean eraikitzen dela", eta berdintasunaren alde lan egiten jarraitu behar dela, ahal izateko.

Bozeramaileen Batzordeak aho batez egindako adierazpenean, Berrizko Udalak "erasoaren gaitzespen osoa" adierazi du, eta "babes eta hurbiltasun" osoa eman dio biktimari. Horrekin batera, "lehenbailehen sendatzea" espero duela azpimarratu du. Eudel Euskal Udalen Erakundeak ere gertakaria gogor gaitzetsi du.

Bestalde, Azeri Gorriak asanblada feministak emakumeen segurtasuna "gero eta mehatxatuago" dagoela deitoratu du, eta, ohartarazi duenez, "legeak babesten ez bagaitu, tratu txarrak ematen dituztenek beti aurrean izango gaituzte borrokatzeko prest".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;