Gizartea -

Erasoa

64 urteko emakume batek Gasteizen jasandako eraso transfoboa salatu dute

Erasotzaileak "marikoi zikina" oihukatu zuen, eta, emakumak buelta eman zuen oihua nondik zetorren jakiteko. Une horretan, hiru ukabilkada jaso zituen aurpegian, lurrera eroriz.

64 urteko emakume batek Gasteizen jasandako eraso transfoboa salatu dute

0:44

A. O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

64 urteko emakume batek eraso transfoboa jasan zuen joan den ostegunean, uztailak 22, Gasteizko Alde Zaharrean, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak salatu duenez.

Erasotzaileak "marikoi zikina" oihukatu zuen, eta, emakumak buelta eman zuen oihua nondik zetorren jakiteko. Une horretan, hiru ukabilkada jaso zituen aurpegian, lurrera eroriz. Ikusgunek azaldu duenez, biktimak erasoa salatu zuen ertzain-etxean.

Horren harira, Ikusgunek ohartarazi du azken asteotan "LGTBI+fobia kasuen gorakada larria" izaten ari garela. Izan ere, azken hiru hilabeteetan 14 eraso transfobo zenbatu dituzte Araban.

Hori dela eta, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak azpimarratu duenez, "trans pertsonen kolektiboa da eraso fisiko, gorroto-diskurtso eta bazterketa gehien jasaten ari dena".

Hala, Ikusgunek "adi jarraitzeko deia" egin die herritarrei, "sexu-orientazioagatik edota genero-identitateagatik" gerta daitezkeen erasoen aurrean, eta bere zerbitzuak edozein erazo LGTBI+fobiko jasan duten edo ikusi duten pertsonen esku jarri ditu.

Ildo horretatik, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eraso transfoboa gaitzetsi du, eta pertsonen arteko harremanak "errespetuan, giza eskubideetan, askatasunean eta berdintasunean" oinarritu behar direla gogorarazi du. Hala, Euskadik gizarte "tolerantea, irekia, anitza eta askotarikoa" duela aldarrikatu du.

Eraso homofobo bat salatu dute Lizarrerrian

Bestalde, Lizarrako LGTBIQ+ kolektiboak uztailaren 14an izandako eraso homofobo bat salatu du, bi pertsonak beste bat iraindu baitzuten autobusean.

Besteak beste, "marikoi zikina", "gay zikina", edo "badakit non bizi zaren" oihukatzen hasi ziren, hiri-garraioko enpresak ezer egin gabe: "Ez zuen inolako erantzukizunik hartu eta ez zuen ezer egin eraso homofobo horren aurrean".

Hori dela eta, ostirale honetan (uztailak 30), 20:00etan, Lizarrako Baja Nabarra kalean egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, LGTBIQ+eraso fobikoak salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak