Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, bikotekide ohiari arma zuri batekin eraso egiteagatik
Erasotzaileak ebaki bat egin dio biktimari aldakan. Biktimak hainbat puntu jaso behar izan ditu.
EITB Media
Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu du bart Bilbon, genero-indarkeriaren delitu bat egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bikotekide ohiari labana batekin eraso, eta ebaki bat egin dio aldakan; biktima Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dute.
00:40 aldera, Bilboko Matiko auzoko etxebizitza batean ustezko indarkeria kasu bat izan dela jakinarazi diote lekukoek Ertzaintzari. Hala, patruilak bertaratu, eta biktimarekin harremanetan jarri dira. Emakumeak ebaki bat zuen aldaka inguruan, eta odoletan zegoen.
Emandako informazioaren arabera, erasotzailea emakumearen bikotekide ohia izan da. Antza denez, eztabaida baten ostean, aizto batekin mehatxu egin dio, eta ihes egiten saiatu denean, lesio hori egin dio.
Emakumea Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dute, eta, anbulantziako osasun zerbitzuen arabera, hainbat puntu eman dizkiote. Ustezko egilea etxetik gertu aurkitu dute, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin dute.
Ertzaintzak erasoaren ustezko arma zuria aurkitu du, eta atxilotua epailearen esku utzi dute, polizia-izapideak amaitu ostean.