Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Ekoran, emakume bati tratu txarrak ematea egotzita
Astelehenean atxilotu dute, genero-indarkeriako delitu bat egotzita, biktimaren lagun batek abisua eman ostean; erasoa pairatu duen emakumea gizonaren bikotekidea da. Emakunderen arabera, ekainera arte, EAEn 1.550 emakumek baino gehiagok jasan dute bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoren bat.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu du Ekoran (Araba) astelehen arratsaldean, genero-indarkeriako delitu bat egotzita, emakume bati tratu txarrak eman izana egotzita. Biktima gizonaren bikotekidea da, eta udalerri horretan bizi dira biak. Astelehen honetan, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak emandako datuen arabera, EAEn 2021eko lehen seihilekoan 1.550 emakumek baino gehiagok jasan dute bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoren bat.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ekorako biktimaren lagun batek Ertzaintzari deitu dio, eta agenteak bertaratutakoan, emakumea oso urduri zegoela eta gorputzean hainbat hematoma zituela ikusi dute. Harekin hitz egin ondoren, bikotekidea atxilotu dute, genero-indarkeriako delitu bat egotzita.
Erasoa eguerdian izan da. Biktimaren lagunak Almeriatik deitu dio Ertzaintzari, eta, horren hitzetan, lagunarekin izandako elkarrizketa batean esan dio bikotekideak tratu txar fisikoak eta psikikoak ematen dizkiola.
Patruilak haren etxebizitzara iritsitakoan, biktima oso urduri zegoen eta balizko antsietate-krisia izaten ari zen. Emakumeak agenteei esan dienez, tratu txarrak ohikoak dira, eta hainbat hematoma erakutsi die.
Hori ikusita, ertzainek bikotekidea atxilotu dute, genero-indarkeria egotzita, Guardiako ertzain-etxera emaman dute, eta ondorengo orduetan utziko dute epailearen esku.
Testuinguru honetan, Emakundek astelehen honetan jakitera eman duenez, 2021eko lehen seihilekoan 1.553 emakumek jasan dute bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoren bat Euskal Autonomia Erkidegoan; 2020an, epe berean, 1.536 biktima izan ziren, hau da, % 1,1 gutxiago.
Emakunderen datuen arabera, Araban % 4 hazi da bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoren bat jasan duten emakumeen kopurua; izan ere, 234 biktima zenbatu dituzte urteko lehen sei hilabeteetan, eta 225 zenbatu zituzten iaz, epe berean. Gipuzkoan % 3,2 egin du gora biktimen kopuruak, 2020ko lehen seihilekoan 428 zenbatu ostean 442 zenbatu baitituzte aurten. Bizkaian, aldiz, % 0,7 egin du behera biktimen kopuruak, iaz 883 biktima zenbatu ondoren 877 izan baitira aurten.