Gizartea -
Koronabirusa
Kalean edaten ari zen talde bat sakabanatzean istiluak izan dira Lekeition
Segurtasun Sailak esan duenez, gazte batzuek objektuak jaurti dizkiete agenteei igande goizaldean, eta Gasteizen, Elorrion eta Sukarrietan ere esku hartu dute. Ez dute inor atxilotu.
Mikel Dominguez | EITB Media
Istiluak izan dira Lekeition (Bizkaia) igande goizaldean, Ertzaintzak kalean edaten ari zen talde bat desegitean, eta Elorrion, Sukarrietan (Bizkaia) eta Gasteizen ere esku hartu dute agenteek.
Lekeition izan dira asteburuko istilu larrienak, igande goizaldean, 03:30 inguruan, Ertzaintza Bizkaiko udalerriko hondartzan edaten ari ziren 200 bat gazte sakabanatzera joan denean.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gazte batzuek botilak eta beste objektu batzuk jaurtiz egin zieten aurre bertaratutako ertzainei. Ondoren, Alde Zaharrean ere istiluak izan ziren, eta zenbait zaborrontzi gurutzatu zituzten. Ez zen inor zauritu eta ez zuten inor atxilotu, baina kalteak izan ziren kaleko altzarietan.
Lekeitioko Udalak udaltzainek eta ertzainek "beraien lana egiteagatik" jasotzen dituzten erasoak gaitzetsi ditu, eta ohartarazi du Udal Gobernuak eta poliziek covid-19aren kontrako neurriak betearazteko lanean jarraituko dutela, batez ere asteburuetan gauez izaten diren "botiloiak eta jende pilaketak" ekiditeko.
"Eraso hauek egin dituzten norbanakoek ez dute gazteen gehiengoa ordezkatzen, eta ez dute inola ere herritarren babesa jasotzen", gehitu du ohar batean.
Ertzaintzak Gasteizen, Elorrion eta Sukarrietan ere esku hartu du asteburuan, eta Sukarrietan hainbat lagun identifikatu ditu.