Gizartea -

Koronabirusa

Intzidentzia 700etik behera kokatu da EAEn, baina oraindik ez du ospitaleen egoera samurtu

Tasa metatua (683 kasu 100.000 biztanleko) ekaineko balioetara itzuli da. Dena dela, gora egin du erietxeetan dauden pertsonen kopuruak (285) eta behera, berriz, ZIUetan daudenen kopuruak (66).

Gasteizko Txagorritxu Ospitalea. Argazkia: EFE
Gasteizko Txagorritxu Ospitalea.
Gasteizko Txagorritxu Ospitalea. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren eragin metatuak behera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta astelehen honetan 700 kasuko langatik jaitsi da (683 puntuan dago, zehazki). Hori horrela, ekainean erdietsitako mailara itzuli da intzidentzia. Nolanahi ere, Osakidetzaren erietxeetan ez dute oraindik hobekuntza hori igarri, eta gora egin du ospitaleratuta dauden pertsonen kopuruak (285, ostiraleko 259en aldean) eta ZIUetako egoera ez da hobetu: 66 eri daude kritiko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan berritu ditu intzidentzia-tasa metatuaren eta beste adierazleen datuak buletin epidemiologikoa kaleratuta. Igandean, 582 positibo berri atzeman dituzte 5.323 proba diagnostiko egin ostean. Bezperan baino 229 kasu gutxiago dira, baina datu adierazgarria da duela bi asteko datuekin alderatuta (astelehenetan beti egiten dute behera kutsatzeek, batez ere proba gutxiago egiten direlako); izan ere, uztailaren 26an 942 positibo zenbatu zituzten, gaurko kasuen bikoitza ia. Positibotasun tasari dagokionez, apur bat txikitu da (% 10,9).

Intzidentzia-tasa metatuak 16 puntu egin du behera ostiraleko tasarekin erkatuta, eta are gehiago (125 puntu) duela bi astekoarekin alderatuta. Kurba hiru lurraldeetan ari da jaisten: Araban 530 kasukoa da (59 gutxiago), Bizkaian 747koa (68ko beherakada) eta Gipuzkoan 603koa (73 gutxiago).

Erietxeetako egoera bere horretan edo okerrago dago, ordea. Igande honetan 30 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, bezperan baino bost gutxiago, baina gela arruntetan dauden gaixoen kopurua dezente hazi da: ostiralean 259 ziren; gaur, berriz, 285 dira. ZIUetan 66 eri dituzte, larunbatean beste.

Ondoren ikus daitekeen grafikoan atzeman daitekeenez, positiboen kopuruaren kurba eta ZIUetan daudenen kurba ez dira aurreko olatuetan bezala mugitzen ari:

Atzemandako 582 positiboetatik, 313 Bizkaian zenbatu dituzte (bezperan baino 159 gutxiago), 172 Gipuzkoan (16 gutxiago) eta 78 Araban (36 gutxiago). Horiei guztiei EAEtik kanpo bizi diren 19 lagunek positibo eman dutela erantsi behar zaie (larunbatean 37 izan ziren).

Transmisioan izandako beherakada herrietako datuetan ere islatu da, eta hiru udalerri handi (Hernani eta Bergara, Gipuzkoan, eta Agurain, Araban) gune latzenetik atera dira gaur. Hori bai, 68 udalerri daude gorrian (400 kasutik gora pilatu dituzte), eta bost bakarrik hortik kanpo.

Adinari erreparatuta, aipagarriak dira 20-29 eta 10-19 urtekoen artean zenbatutako positiboak: 167 eta 94 kutsatze, hurrenez hurren. Horren ildoan, 20 eta 29 urtekoen artean, intzidentzia-tasa metatuak puztuta jarraitzen du, batez besteko tasa halako hiru baita (2.054 kasu 100.000 biztanleko). 

Azkenik, bada aipatzeko moduko beste adierazle bat: R0 indizea, oinarrizko birsorkuntza tasa, positibo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena. Adituen arabera, komeni da 1etik behera egotea; gaur-gaurkoz, 0,86an dago. Alabaina, asteburuan goranzko bidea hartu du berriro, eta bi hamarren igo da larunbatean eta beste bi igandean (ostiralean 0,83an zegoen).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak