Gizartea -
Eguraldia
40 gradutik gorako tenperaturak izango dira Nafarroan eta 37raino helduko dira Arabako hegoaldean
Gaur abisu horia izango da indarrean Euskadin, 12:00etatik 18:00etara. Horrez gain, tenperatura altuengatik baso-suteen arrisku handia izango da Araban.
Ainhoa Benito | EITB MEDIA
Nafarroak hiru egun daramatza itolarrian, 40 ºC inguruko maximoekin. Aemet Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, beroaldiak jarraituko du, baina gaur beste koska bat egingo dute gora tenperaturek, 40 ºC-ren langa igarota.
Foru Erkidegoan, hain zuzen, alerta laranja ezarriko dute. Pirinioetan 38 ºC-ko maximoak espero dira, eta 40 ºC-koak, berriz, Nafarroako erdialdean eta Erriberan. Dena dela, ez dute baztertu 41-42 ºC-ko tenperaturak ere erregistratzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), abisu horia egongo da indarrean muturreko tenperatura altuengatik, baina Arabari bakarrik eragingo dio (Aiaraldea ez beste eskualdeei). Euskalmeten iragarpenaren arabera, maximoak 35 ºC-ra hel daitezke 12:00etatik 18:00etara iragate eremuan (Arabako Lautada) eta 37 ºC-ra Ebro ondoko eskualdean (Arabako Errioxa).
Horrez gain, tenperatura altuagatik, hezetasun erlatibo baxuagatik eta haize biziagatik, baso-suteen arriskua handia izango da bi eremu horietan. Hala, abisu horia ezarriko da sute arriskuagatik 12:00etatik 20:00etara.
Meteofrancek ez du abisurik ezarri Ipar Euskal Herrirako.