Gizartea -
Koronabirusa
Alde Zaharreko Jai Batzordeak bertan behera utzi ditu San Fermin Txikito jaiak
Irailaren 23tik 27ra bitartean, kultur ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute Alde Zaharreko bizilagunek. Alabaina, ez dituzte ospakizunik antolatuko, eta segurtasuna bermatzeko neurriak ezarriko dituzte.
Agentziak | EITB Media
Bigarren urtez jarraian, San Fermin Txikiko jaiak bertan behera uztea erabaki du Iruñeko Alde Zaharreko Jai Batzordeak. Gauzak horrela, aurten ez dituzte ospakizunik ezta jai-jarduerarik antolatuko irailaren azken asterako, alegia, San Fermin Txikito jaiak osapatu ohi diren egunetarako.
Batzorde horretako kideek, aste honetan egindako bileran eman diote erabakiaren berri Iruñeko Udalari, eta ohar batean gogorarazi dutenez, iaz bezala, "auzotarren osasuna lehenestea eta jaiak segurtasun baldintzetan ospatu arte atzeratzea" erabaki dute.
Dena dela, irailaren 23tik 27ra bitartean, kultur ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute Alde Zaharreko bizilagunek.
Hain zuzen ere, datozen egunetan iragarriko dituzte auzoko bizilagunei zuzenduta dauden jarduera horiek, baina ez dituzte ospakizunik ezta jai-jarduerarik antolatuko. Gauzak horrela, parte-hartzaile guztien osasuna bermatzeko beharrezko neurriak errespetatuko dira.