Gizartea -
Indarkeria matxista
Nafarroako Gobernua akusazio partikular gisa aurkeztuko da Pilar Barrioren hilketaren kasuan
Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak krimen matxista gisa baieztatu du emakumearen hilketa.
Eitb Media
Joan den uztailaren 7an Murchanten Maria Pilar Berriori egindako erasoa matxista izan zela onartu du Nafarroako Gobernuak. Horrela, auzian akusazio partikular gisa aurkeztuko dela iragarri du Foru Gobernuak.
Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak hilketa matxista gisa hartu du Maria Pilar Berrio 43 urteko eta lau seme-alabaren amaren hilketa. Ustezko hiltzailea, haren koinatua zena, hurrengo egunean atxilotu zuten Donostian, eta, ondoren, epaileak kartzelara bidali zuen.
Nafarroako Exekutiboak, Javier Remirez lehendakariorde eta bozeramailearen bitartez, krimen horrengatik "gaitzespen gogorrena" erakusteaz gain, iragarri du akusazio partikular gisa aurkeztuko dela genero indarkeriaren kontrako epaitegian, horrek hartu baitu bere gain auziaren ardura.
Horren esanetan, horrela jarraituko du, "heriotza eragiten duen eraso matxista zorigaiztoko bat gertatzen den kasu guztietan", eta baita indarkeria matxistak eragin dituen beste eraso batzuen epaiketetan ere, Orkoien eta Azagra udalerrietan izandakoetan, esaterako.