Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadi gune gorritik atera da

Azken datuen arabera, 100.000 biztanleko 394,42 kasuko intzidentzia-metatua dago EAEn. Gaixo kritikoen kopurua ere murriztu egin da; 76 paziente daude ZIUetan egun.

Jendea kalean musukoarekin. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Jendea kalean musukoarekin. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Jendea kalean musukoarekin. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, koronabirusak kutsatutako 539 kasu berri atzeman zituzten atzo, asteazkenean, 5.544 proba-diagnostiko egin ondoren. Horrela, positiboen tasa % 9,7an kokatu da. Egoera epidemiologikoa baretuz doa, eta azken 14 egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatuak 394,42ra egin du behera; ondorioz, Euskadik eremu gorria utzi du.

Herrialdez herrialde, Arabak alarma gorrian jarraitzen du, 444 kasuko intzidentzia metatuarekin; izan ere, 73 positibo berri hauteman dituzte bertan. Aldiz, Bizkaiak ozta-ozta utzi du eremu gorria, 399 kasuko intzidentzia metatua izan baitute bertan azken orduetan; 289 kasu erregistratu dira bertan. Gipuzkoan, berriz, 163 positibo atzeman dituzte, eta intzidentzia metatua 334 kasukoa da.

LABI zientifiko-teknikoaren bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak pandemiak Euskadin duen egoerari buruzko azken datuen berri eman du. Jakinarazi duenez, batzordeak egiaztatu du uztailaren amaieratik, bosgarren olatuak eragin handiena izan zuenetik, joera aldaketa bat izan dela pandemiaren jarraipenaren adierazle gehienetan.

"Aldaketa hori nabarmena da 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatuan, une honetan 394,42 puntukoa baita, uztailean baino ia 400 gutxiago", azaldu du. "Ondo goaz, baina joera aldaketa horiek ez dira islatu oraindik ospitaleko oheen okupazioan", gaineratu du.

Izan ere, ospitaleen egoerari dagokionez, 38 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo, asteazkenean. Horrela, 224 gaixo daude plantan (aurreko egunean baino 14 gutxiago), eta 76, ZIUetan; gaixo kritikoen kasuan, bezperan baino kasu bi gutxiago daude orain.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo berriak Donostia bideoak Iruñea Euskal hiriburuak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak