Gizartea -

KORONABIRUSA

Ospitaleetako presioa arindu egin da Euskadin, bosgarren egunez jarraian

Guztira, 5.927 proba diagnostiko egin zituzten ostegun honetan, eta horietatik 515 positiboak izan dira. Horrela, positibotasun tasa % 8,7ra jaitsi da.

Hainbat gazte, txertoa jasotzeko zain. Argazkia: EFE.
Hainbat gazte, txertoa jasotzeko zain. Argazkia: EFE.
Hainbat gazte, txertoa jasotzeko zain. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bosgarren egunez jarraian, ospitale-presioa arindu egin da Euskadin; 72 gaixo kritiko daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino lau gutxiago, eta bi gutxiago ospitaleratuta ohe arruntetan. Guztira, 5.927 proba diagnostiko egin zituzten ostegun honetan, eta horietatik 515 positiboak izan dira. Horrela, positibotasun-tasa % 8,7ra jaitsi da.

Pandemiaren eragina murrizten ari da EAEn, eta, pixkanaka, balio guztietan nabaritzen hasi da. Ospitaleetako egoerak hobera egiteaz gain, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 17 puntu jaitsi da, 100.000 biztanleko 377 kasu utziz.

Lurraldeka aztertuta, Arabak jarraitzen du gehien kaltetutakoa izaten, 409 kasuko intzidentzia-tasa metatuarekin; 66 positibo berri erregistratu dira lurralde horretan. Bizkaiak asteazkenean utzi zuen gune gorria, eta 381 kasuko intzidentzia-tasan kokatu da azken orduetan, baina EAE osoko kasu positibo gehien hauteman dituzte bertan, 266 positibo berrirekin. Gipuzkoak, berriz, 174 kasu berri jakinarazi ditu, eta 327 kutsatuko intzidentzia-tasa erregistratu du.

Ugalketa-indizea, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duena, 0,88koa da (+0,01), eta intzidentzia-tasen arrazoia, 14 egunean intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen duena, 0,80koa da (-0,01).

Araban izandako 66 kutsatzeak aurreko egunean baino zazpi gutxiago dira; kasu gehienak Gasteizen hauteman dira, 59 positibo. Bizkaiak, 266 positiborekin, 23 kasu gutxiago erregistratu ditu; kasu gehien dituzten udalerriak Bilbo (74), Getxo (18), Barakaldo (16) eta Galdakao (15) dira.

Gipuzkoan, 174 kasu berrirekin, Donostiak 37 kutsatze izan ditu; Irunek, 22; eta Errenteriak, 11.

Kontuak horrela, 5.000 biztanletik gorako 20 udalerrik 100.000 biztanleko 400 kasutik gorako intzidentzia-tasa metatua dute.

Adin-taldeen arabera, kutsatze berri gehienak 20 eta 29 urte eta 10 eta 19 urte bitarteko adin-tarteetan hauteman dira, kasu bakoitzean 91 positiborekin. Kolektibo horietan, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 903,11 eta 735,55 da, hurrenez hurren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo berriak Donostia bideoak Iruñea Euskal hiriburuak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak