Itxi

2021/08/30

12:52

Gizartea

Hezkuntza

Aurrez aurreko hezkuntza bermatzeko helburuz, joan den ikasturteko neurriak mantenduko dituzte ikastetxeek

O.P.| eitb media

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hezkuntza sektorerako azken protokoloan jasotako neurriak azaldu ditu. Oinarrizko prebentzio-neurriak mantenduko dira, eta horiei txertaketa gehituko zaie. Gainera, barnetegiek ateak zabaldu ahal izango dituzte berriro.

1:33
Ikasleei ez zaie tenperatur hartuko eskolan.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Hezkuntza-komunitateak aurreko ikasturteko prebentzio-neurriak mantentzen jarraituko du, eta helburu nagusia, ahal den neurrian, aurrez aurreko hezkuntza bermatzea izango da.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2021-2022 ikasturterako ikastetxeei bidalitako azken protokoloan jasotzen diren neurriak azaldu ditu LABIren bilera ostean eskainitako prentsaurrekoan. Ikastetxeei gaur goizean bertan bidali zaien protokoloak ez du aldaketarik jasotzen oinarrizko prebentzio-neurriei dagokionez, hala nola, segurtasun distantzia, higiene-neurriak, aireztatzea, musukoaren erabilera eta kontaktuak mugatzea. 

Halere, ikasturte berri honetan mahai gainean da aurrekoan ez zegoen elementu  berri bat: txertaketa. Sailburuak azaldu duenez, 12-14 urte bitarteko ikasleen % 62,5ek jaso dute lehen dosia; helburua da ikasturtea hasterako kopuru hori % 70ekoa izatea. "Txertoak ez du dena konpontzen, baina laguntzen du", azpimarratu du Bildarratzek, ikasle gazteenak txertatzera animatuz. 

Sailburuak gogorarazi du ikasgela bakoitza izango dela burbuila taldea, ekainean ikastetxeetara bidalitako protokoloan jasotzen zen bezala. Neurriak berdinak izango dira Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan, eta desberdintasun bakarra da Lehen Hezkuntza maskara erabili beharko dutela, Haur Hezkuntzan ez bezala.

Lehen Hezkuntzako lehen eta seigarren mailen artean, 4-5 ikasleko lantalde iraunkorrak antolatu ahal izango dira ikasgeletan. Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen eta bigarren mailetan ere, lantalde egonkorrak osatu ahal izango dira, 3 edo 4 ikaslekoak kasu honetan. Taldeen arteko distantzia 1,5 metrokoa izango da gutxienez, eta egonkor jarraituko dute harik eta 10 egunetik gorako oporraldirik ez dagoen bitartean.

Eskolaz kanpoko jarduerak eta barnetegiak

Protokoloak, halaber, ikasturte berrian eskolaz kanpoko jarduerak osasun arloko "bermeekin" egin ahal izateko neurriak jasotzen ditu, Bildarratzek jakitera eman duenez. Asmoa da neurri horiek lagungarriak izatea eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten erakundeek beren protokoloak egin ahal izan ditzaten.

Era berean, dokumentuak eranskin espezifiko bat du, aurreko ikasturtean itxita egon ondoren barnetegiek beren jarduerari berrekin ahal izateko baldintzak ezartzen dituena. Sailburuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela euskararen ikaskuntza sendotzeko zentro horiek berriro martxan jartzea.

Iazko baliabide berberak

Jokin Bildarratzek azaldu duenez, ikastetxeek iazko baliabide ekonomiko berberak izango dituzte aurtengo ikasturteari aurre egiteko, 200.000 euro, alegia. "Gizarteak erakundeen esku jartzen dituzte baliabideak, eta, ikastetxeek, kasu honetan, lasaitasuna, egonkortasuna eta kontziliaziorako aukera" eman diete trukean gizarteari. 

Sailburuak hezkuntza komunitatea eskertu du, "beraiek atera zuten aurreko ikasturtea aurrera eta beraiek izango dira datorrena aurrera aterako dutenak". Pandemia hasi zenetik garrantzitsuena Hezkuntza sailaren eta ikastetxeen artean egon den komunikazioa eta harramana izan dela azpimarratu du. 

Ikasturte berriari begira, Bildarratzek adierazi du hezkuntza komunitate "oso motibatua" dagoela, ikasle zein irakasleak, guraso nahiz langileak, "gure babes eta konfiantza osoa dute, eta ondoan izango gaituzte" azpimarratu du. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;