Gizartea -

KORONABIRUSA

Derrigorrezkoa da covid ziurtagiria Ipar Euskal Herriko hainbat leku publikotan sartzeko

Beharrezkoa izango da txertaketa pauta osoa izatea, covid-19a berriki igaro izana egiaztatzea edo azken 72 orduetako proba diagnostiko negatibo bat edukitzea taberna eta jatetxeetara zein ospitaleetara sartu ahal izateko.

Covid ziurtagiria mugikor batean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Covid ziurtagiria mugikor batean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Zalantza da nagusi Ipar Euskal Herriko ostalarien artean, bihartik aurrera indarrean sartuko den arauagatik

1:18

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainetik ekitaldi jendetsuetarako derrigorrezkoa zen covid ziurtagiria beste hamaika esparrutan ere nahitaezkoa da gaurtik aurrera Ipar Euskal Herrian zein Frantziako Estatu osoan. Erabiltzaileak covid-19aren aurkako txertoak jaso dituela, gaixotasuna gainditu duela edo, txertatu gabe daudenen kasuan, proba diagnostiko negatiboa dutela egiaztatzeko balioko du QR kode informatiko baten bidez.

Honako egoera hauetan eskatuko da osasun ziurtagiria edo "osasun pasea":

- Taberna eta jatetxeetara (baita terrazetara ere), gimnasioetara eta merkataritza-guneetara sartzeko

- 50 pertsona baino gehiago biltzen dituzten "aisialdiko eta kulturako" guneetara sartzeko (zinema eta antzokietan, esate baterako)

- Hoteletan ostatu hartzeko eta kanpinetan egoteko

- Ibilbide luzeko trenetan bidaiatzeko

- Herrialde barruko hegaldiak hartzeko

- Adinekoen egoitzetan sartzeko

- Osasun-zentroetan eta ospitaleetan larrialdiak ez diren gauzengatik artatuak izateko

- Osasun-establezimenduetara sartzeko

Azken protestak izan ostean Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak igande honetan iragarri duenez, "osasun pasaportearen" baldintza batzuk arindu egingo dituzte. Hala, txertorik hartu ez dutenek erakutsi behar duten proba negatiboa azken 72 ordutakoa izan ahalko da, ez azken 48 ordutakoa; PCR probek eta antigenoen testek balioko dute, eta "osasun-profesional batek gainbegiratutako autoprobek" ere bai.

Arreta medikoa jasotzeko covid ziurtagiria beharrezkoa izango dela baieztatu duen arren, ministroak zehaztu duenez, "inolaz ere ez da oztopo izango premiazko arreta jasotzeko".

Derrigorrezko txertaketa osasun-langileentzat

Bestalde, osasun-langileek eta pertsona zaurgarriekin lan egiten duten beharginek, adinekoen egoitzetako langileek, esate baterako, txertoa jarrita izan beharko dute irailaren 15a baino lehen; hala ez balute egingo, zigorrak aurreikusten dira: langileak enplegurik eta soldatarik gabe gera daitezke baina inolaz ere ezingo dira kaleratu.

Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren babesa jaso du Gobernuak ostegunean neurri horiek hartu ahal izateko.

Gaur egun 18 urtetik gorako herritarren % 67,5ek dute covid-19aren kontrako txertaketa osoa amaituta Frantziako Estatuan, Gobernuak bere webgune ofizialean jakitera eman duenez. Txertaketaren datuak are handiagoak dira Ipar Euskal Herrian; izan ere, Iparraldea eta Bearno barne hartzen dituen Pirinio Atlantikoetako 18 urtetik gorako biztanleen % 77,3 erabat immunizatuta daude.

Herritarrak zatituta daude neurri horien aurrean: batzuen ustez, guztien askatasuna babesteko irtenbiderik egokiena da; beste batzuen aburuz, berriz, herritarrak gehiago zatitu besterik ez dute lortuko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iparraldea Frantzia Baiona Biarritz Maule Donibane Garazi Hendaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Jatetxeak Tabernak Bidaiak Txertoak Zuberoa Koronabirusa Lapurdi Nafarroa Beherea Frantziako Gobernua Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn Covid pasaportea