Publizitatea
Itxi

2021/07/12

20:48

Mundua

Koronabirusa

Neurri berriak Iparraldean: covid pasaportea tabernetarako eta txertoa derrigorrezkoa osasun langileentzat

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri duenez, erabakien asmoa da txertaketa-kanpaina bultzatzea, Delta aldaera gero eta kutsatze gehiago sortzen ari baita.

1:54
Emmanuel Macron. Irudia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Txertaketa-ziurtagiria edo herritarrek koronabirusa gainditua dutela erakusten duen ziurtagiria, hau da, jende-pilaketa handietan erabiltzen den osasun-pasaportea, Ipar Euskal Herriko jatetxeetan, antzokietan eta zinema-aretoetan baliatzen hasiko dira, datorren astetik aurrera. Hala iragarri du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak astelehen honetan, telebistan emandako agerraldian; gainera, zehaztu duenez, osasun-langileek eta pertsona zaurgarriekin lan egiten duten beharginek, adinekoen egoitzetako langileek, txertoa jasota izan beharko dute irailaren 15erako; hala ez balute egingo, zigortuko lituzkete.

"Zenbat eta txerto gehiago jarri, orduan eta leku txikiagoa izango du birusak hedatzeko", esan du Estatuburuak telebistan emandako hitzaldian. Adierazi duenez, neurri berrien xedea Delta aldaeraren eragina murriztea izango da; izan ere, aldaera hori gero eta kutsatze gehiago ari da sortzen: egun, Frantziako kutsatzeen % 50etik gora.

Hala, uztailaren 21etik aurrera, osasun-pasaportea 50 pertsonatik gora izango diren kultura-lekuetan eskatuko dute. Orain arte, beharrezkoa izan da diskoteketara sartzeko, baita 1.000 pertsonatik gorako gizarte- eta kirol-ekitaldietan ere.

Abuztuan, aldiz, immunitate-froga edo txertoaren pauta osoa jaso izatearen froga 12 urtetik gorakoei ere eskatuko zaie, kafetegietan, jatetxeetan, tabernetan, ibilbide luzeko autobusetan eta trenetan, eta hegazkinetan. Horren helburua da eszeptikoenek ere txertoa hartzea, kanpainari beste astindu bat emate aldera.

PCR probak eta antigeno-probak ordainpekoak, mediku batek ez baditu agindu

PCR probak eta antigeno-probak, udazkenetik, ordainpekoak izango dira, ez bada mediku batek agindu dituela. Orain arte, Gizarte Segurantzak ordaindu egin ditu.

"Txertaketa ez da nahitaezkoa izango herritar guztientzat, baina bultzatuko dugu, ahalik eta herritar gehienek jasotzeko", laburbildu du Macronek.

Macronek Frantziako susperraldi ekonomikoan sakondu nahi izan du; izan ere, horretarako ezinbestekotzat jotzen du herritar guztiak txertatzea. Igandean, Frantzian, 35,8 milioi lagunek zuten jasota gutxienez txertoaren dosi bat (herritarren % 53,4k), eta 27,4 milioik, hau da, % 41ek, pauta osoa zuten jada.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;