Gizartea -

Koronabirusa

Xiomara, txertaketaz: "Jendeak ez dizkie bere datuak erakundeei eman nahi, deportatzeko beldur baitira"

Legez kanpoko egoeran edo bidean dauden pertsona migratzaileekin lan egiten duten 90 elkarte Osakidetzarekin koordinatu dira, pertsona horien txertaketa bermatzeko.

Xiomara Torres. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Xiomara Torres
Osakidetzak osasun sistematik kanpo dauden hainbat pertsona txertatu ditu

1:48

Berezi Fernandez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xiomara Torres kolonbiarra da, Euskal Herrian bizi da eta asilo politikoa eskatu dio espainiar Estatuari. Eskaera tramitatzen ari denez, oraindik ez dauka osasun txartelik, eta bere datuak ez daude Osakidetzaren erregistroetan. Hala ere, covid-19aren kontrako txertoaren bi dosiak hartu ditu dagoeneko.

Biltzenen (Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzua) bitartez lortu du Xiomarak txertatzeko hitzordua. Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua Osakidetzarekin eta legez kanpoko egoeran edo bidean dauden pertsona migratzaileekin lan egiten duten 90 elkarterekin koordinatu da, behar dutenei txertoa emateko.

Erreportajeko protagonistaren hitzetan, legez kanpoko egoeran dauden pertsonak erakundeengana jotzeko beldur dira, haien datuak organismo ofizial bati emanda deportatzeko arriskuan daudela uste baitute. Horregatik, Osakidetzak datuok konfidentzialki gordetzeko konpromisoa agertu die txertatzea erabaki duten pertsonei.

Legez kanpoko egoeran dauden 63 pertsona txertatu dituzte

Osakidetzak Euskal Osasun Zerbitzuan erregistratu gabe zeuden 63 lagun txertatu ditu. Gehienak legez kanpoko egoeran edo trantsituan dauden pertsona migratzaileak dira. Zifra baxua dirudien arren, datu itxaropentsua da, Euskal Osasun Zerbitzuaz inoiz baliatu ez diren pertsonak diren heinean.

Ekainean jarri zuten martxan kanpaina. Ordutik, 759 WhatsApp jaso dituzte Biltzeneko langileek, Osasun Sailak baieztatu duenez. Elkarteek, Osakidetzak eta txertoa hartu duten pertsonek kanpainaren balorazio positiboa egin dute.

Eusko Jaurlaritzak kanpaina abiatu zenean jakitera eman zuenez, txertaketa herritar guztiei zabaltzea zen ekimenaren helburu nagusia, kolektibo ahuletako pertsonak alde batera utzi gabe.

Osakidetzaren saretik kanpo dauden pertsonek txertoa hartzeko aukera ahalbidetu dute
Osakidetzaren saretik kanpo dauden pertsonek txertoa hartzeko aukera ahalbidetu dute
Osakidetzaren saretik kanpo dauden pertsonek txertoa hartzeko aukera ahalbidetu dute

1:47

Hirugarren dosia eta txertoen irisgarritasuna

Kolonbian, Xiomararen sorterrian, biztanleriaren % 29,3k osatu du txertaketa-jarraibide osoa. Latinoamerikan ere berdintsua da egoera: herritarren % 75 guztiz immunizatu gabe dago oraindik.

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) jakitera eman duenez, Europako biztanleriaren erdia baino gehiago txertoa hartuta dago. Ameriketako Estatu Batuetan, % 70 dira txertoa hartutako pertsonak; Afrikan, ostera, biztanleen % 2k soilik du jarraibide osoa, eta % 5ek dosi bat jaso du.

Mundu osoan emandako 4.000 milioi txertoetatik, % 80 baino gehiago diru-sarrera handiko eta ertaineko herrialdeetan txertatu dira, hau da, munduko biztanleriaren erdia baino gutxiago osatzen duten herrialdeetan.

Horregatik, txertoaren hirugarren dosia atzeratzeko eskatu die MOEk diru-sarrera handiko herrialdeei.

Iritzi berekoa da Felix Zubia, Donostia Ospitaleko zainketa berezietako burua. Mundu mailako txertaketa plan eraginkor baten falta sumatzen duela azaldu zuen medikuak Euskadi Irratian.

Jende helduarentzat eta immunitate arazoa dutenentzat hirugarren dosia onuragarria izan daitekeen arren, mundu mailako arazoari aurre egiteko txertaketa zabala egitea lehenetsi beharko litzatekeela uste du Zubiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Migrazioa EAE albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa