Gizartea -

KORONABIRUSA

309 kutsatze zenbatu dituzte EAEn, eta 69 gaixo larri daude ZIUetan

Positibotasun tasa 0,3 puntu jaitsi da, bezperako datuekin alderatuta. Bestela, covid-19ak jotako 31 gaixo ospitaleratu dituzte azken orduetan.

Basurtoko Ospitaleko ZIU. Argazkia: EFE
Basurtoko Ospitaleko ZIU
Basurtoko Ospitaleko ZIU. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean zehar, 309 covid-19 kutsatze berri zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saiaren datuen arabera.

Orotara, 5.369 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzako langileek, bezperan baino 299 gutxiago. Egindako testetatik % 5,8 positiboak izan ziren; hala, positibotasun tasak 0,3 puntu egin du behera azken 24 orduetan.

Bizkaia da egoerarik makurrenean jarraitzen duen lurraldea; izan ere, 161 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, bezperan baino 30 gutxiago. Gipuzkoan, ostera, 97 positibo zenbatu dituzte (bezperan baino 15 gutxiago). Araban egoerak ez du hobera egin, eta 41 gaixo berri daude, bezperan baino 4 gehiago.

Ospitaleen presioari dagokionez, 31 eri ingresatu dituzte ostiral honetan, ostegunean baino 9 gutxiago. ZIUetan ere ez da aldaketa handirik sumatu: 69 gaixo larri daude ospitaleratuta, bezperan baino bi gutxiago.

Asteburuetan, Osasun Sailak ez du pandemiaren adierazle guztiei buruzko informaziorik ematen. Hala ere, azken egunotako datuei begira, intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du uztailaren 31tik. Osteguneko txosten epidemiologikoaren datuen arabera, 286,5 kasukoa da intzidentzia.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak