Gizartea -

Segurtasuna

Elorriok sarrera mugatu die udalerrian bizi ez diren pertsonei, jende-pilaketak saihesteko

Neurria irailaren 4an, 5ean, 6an, 10ean eta 11n egongo da indarrean. Horrela, ibilgailuentzako sarrera mugatuko da, eta Elorrion bizi diren pertsonak edo horiek garraiatzen dituzten ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira.

Elorrioko Udaltzaingoaren patruila bat. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia
Elorrioko Udaltzaingoaren patruila bat. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia
Elorrioko Udaltzaingoaren patruila bat. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elorrion (Bizkaia) bizi ez diren pertsonei sarrera mugatzea erabaki du Udalak, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz jende-pilaketak saihesteko helburuarekin.

Udalak ohar batean azaldu duenez, neurri murriztailea irailaren 4an, 5ean, 6an, 10ean eta 11n egongo da indarrean. Horrela, gau osoan zehar, ibilgailuentzako sarrera mugatuko da, eta Elorrion bizi diren pertsonak edo horiek garraiatzen dituzten ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira. Larrialdi, segurtasun eta udal-zerbitzuetarako ibilgailuak ere sartu ahal izango dira.

Hain zuzen ere, goizaldean izandako istiluen ostean hartu du erabaki hori Udalak. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, jende pilaketa handia zegoen eta bertan zeuden gazte batzuek botilak eta harriak jaurti dizkiete agenteei. Zehazki, 18 eta 28 urte bitartekoak dira atxilotuak, eta desordena publikoa egotzi diete.

Elorrioko Udalak duela hilabete batzuk ospakizunak bertan behera uztea erabaki zuen, baina iaz bezala, kultur-programa bat antolatu zuen irailean zehar, "herri eta kultura bizi baten alde eginez".

"Udaltzaingoak jakinarazi digu gaua giro lasaian eta normaltasunez igaro dela, istiluak izan diren arte", azaldu du Udalak.

"Ez dugu gertatutakoaren datu zehatzik, istiluak, atxiloketak eta kalte materialak izan direla jakin dugu. Udaletik ez gatoz bat horrelako jarrerekin, eta norbanakoaren eta taldearen erantzukizuna azpimarratzen jarraitzen dugu ", gaineratu du alkateak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Herriak eta Hiriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gaixotasunak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Elorrio Koronabirusa Durangaldea gaur