Gizartea -

Koronabirusa

Sagardui "itxaropentsu" dago ikasturtearen aurrean, 12 urtetik gorako ikasleen % 80k hartu baitute txertoa

Osasun sailburuak txertoa hartzeko deia egin die 20 eta 35 urte bitarteko pertsonei, adin-tarte horretan txertaketa % 80tik behera baitago.

Ikasgela bat. Irudia: Pixabay
Ikasgela bat
Ikasgela bat. Irudia: Pixabay

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua baikor agertu da pandemiaren bilakaerarekin, eta ondorengo asteak erabakigarriak badira ere "itxaropentsu eta ilusioz beteta" dago ikasturte berriaren aurrean.

Osasun sailburuak gazteei eskerrak emanez hasi du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoa; izan ere, ikasturte berriaren atarian, 12 urtetik gorako ikasleen % 80k gutxienez dosi bat hartuta du dagoeneko.

Horren iritzian, "oso positiboa" da Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen erantzuna. "Eskerrik asko gure deialdiari erantzuteagatik" esanez eskertu du horien jarrera.

Txertaketa erritmo onean doa, sailburuaren arabera. Xede-populazioaren % 88,7k txertoaren dosi bat du gutxienez jarrita, eta % 82k, berriz, pauta osoa du.

Hala ere, Sagarduik txertoa hartzeko deia egin die 20 eta 35 urte bitarteko pertsonei, adin-tarte horretan txertaketa % 80tik behera baitago. Gainera, Osakidetzak sms-ak bidaliko dizkie berriro talde horren baitan oraindik txertoa hartu ez dutenei."Oraindik garaiz zaudete. Sar zaitezte Osakidetzaren webgunean eta eskatu hitzordua", esan die.

Sailburuak ziurtatu duenez, egoera epidemiologikoaren bilakaerak "beheranzkoa" izaten jarraitzen du, baina "motelagoa", asistentziari dagokionez; hori dela eta, "zuhurtzia" eskatu du, baina itxaropenez eta ilusio handiz begiratu dio ikasturte berriaren hasierari.

Ospitaleko presioa poliki-poliki hobetzen ari da Euskadin. Azken 24 orduetan, bederatzi pertsona irten dira zainketa intentsiboetako unitateetatik, baina 62 pertsona daude larri oraindik koronabirusak jota. Gela arruntetan, berriz, 195 gaixo daude.

Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, 100.000 biztanleko 14 egunean 240,21 kasukoa baita, aurreko egunean baino 11,77 puntu beherago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak