Gizartea -
Zigorra
12 urteko espetxe zigorra hiru langile esplotatu eta beste biri sexu abusuak egiteagatik
12 urtetik gorako espetxe zigorra ezarri diote sukaldari bati Irunen jatorri mexikarreko hiru hiritar legez kanpo Espainiaratzeagatik, haiek esplotatzeagatik eta beste bi langileri sexu-abusuak egiteagatik.
Agentziak | EiTB Media
Sukaldari bati hamabi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote jatorri mexikarreko hiru pertsona legez kanpo Espainiaratzeagatik eta Irungo bere lokalean lanera behartzeagatik, bai eta beste bi langileri sexu-abusuak egiteagatik ere.
Donostian egindako epaiketan, akusatua akordiora iritsi da Fiskaltza eta akusazio partikularrarekin, eta onartu egin du Espainiako Estatuan atzerritarrak sartzen eta igarotzen laguntzeko hiru delitugatik, legez kanpoko eskulan-trafikoko delitu batengatik eta lan-esplotazioko beste hiru deliturengatik proposatutako zigorra.
Era beran, prozesuan zehar, sukaldariak bi abusu delitu eta sexu-jazarpeneko beste delitu bat onartu ditu; horien zigorrak, baina, ezerezean gelditu dira, ez baitira, banaka, bi urtera iristen.
Gizonak 5.620 euroko kalte ordainak eman beharko dizkie, guztira, bost biktimei; gainera, zenbait isun ere ordaindu beharko ditu eta datozen bi urtetan berriro deliturik ez egiteko konpromisoa hartu beharko du, bai eta gizartearentzako lanak egin ere.
Ikastaro bat aitzakia
Epaiaren arabera, 2016ko udan jazo ziren gertaerak, akusatuak 'Diseinuko Euskal Sukaldea' ardatz zuen ikastaro-teoriko praktiko bat esakini zuen Donostiako jatetxe batean; ikasle gisa hartu zuen han biktimetako batek.
Handik hilabete batzuetara, auzipetua harremanetan jarri zen jada Mexikon zegoen gizon honekin, eta sukaldari lanpostua eskaini zion Irungo bere lokalean, ahoz "onargarriak" ziruditen baldintzekin, baina "lan-kontraturik formalizatu gabe". Halaxe egin zuen lehenengoaren bikotekidearekin ere, zerbitzari lana eskainiz hari, jatetxe berean.
Helburu horrekin akusatuak "ikasle bisa" bana eskaini zien bien, "sukaldaritza-master" baten aitzaikia erabilita, espainiar Estatuan ikasle gisa sar zitezen, "atzerritarren egonaldiari eta lanari buruzko legedia urratuz".
Behin Irunen, 2017ko martxotik bi mexikarrak nagusiak eskainitako pisu batean jarra ziren bizitzen eta haren jatetxean hasi ziren lanean, bai eta hirugarren gizon bat ere, auzipetuak Mexikon antzerako trikimailuarekin engainatutako hirugarren herrikide bat ere, jatetxean ematekoa omen zen ikastaro bat aitzakiatzat hartuta. Jatetxean zerbitzari lanetan jardun zen, azkenean.
Epaiak argitzen duenez, biktimek "kontraturik" gabe lan egiten zuten, Gizarte Segurantzan alta eman gabe eta "baldintza kaxkarretan", asteartetik igandera, 10:00etatik 17:00etara eta 20:00etatik 00:30era, eta "soldata baxuarekin".
Ebazpenak argitzen du, gainera, kaltetuei ere ez zitzaiela elikagai "nahiko" ematen, "jatetxean soberan gelditzen zena" baino ez baitzien eskaintzen, akusatuak pertsona horiek "mendetasun ekonomiko eta pertsonalagatik zuten premia-egoera aprobetxatuz", besteak beste, "Europar Batasunetik kanpoko atzerritarrak izateagatik lana galtzeko beldur zirelako".
Epaiak, halaber, lokala eta baxera garbitzeko kontratatutako bi emakumeri egindako sexu-abusuak jasotzen ditu; akusatuak ukituak egin zizkien behin baino gehiagotan.