Gizartea -
Hondartzak
Bandera horia Donostiako hondartzetan 'Ostreopsis siamensis' algarengatik
Gaur goizean 20 bat lagun artatu dituzte azkuragatik Zurriolan, Sagues aldean. Horregatik, bandera gorria ezarri dute zonaldean.
O.P. | Eitb Media
Zurriolako hondartzan, Sagues aldean, debekatu egin dute bainua, gaur goizean 20 bat bainularik azkura izan dutelako. Hori dela eta, bandera horia jarri dute bertan.
Bandera horia dute oraindik Donostiako gainerako hondartzetan; izan ere, uretan Ostreopsis siamensis alga agertu izanaren zantzuak daude, atzo ehun bat lagun artatu ondoren azkura zutelako. Gaur beste hondartzetan (Ondarreta, Kontxa eta Santa Klara) ez dute kasurik atzeman, baina bandera horia jarri dute berriro, badaezpada.
Donostiako Osasun Publikoko zinegotzi Marisol Garmendiak azaldu duenez, azken orduetan egin diren analisiek erakutsi dute uraren kalitatea oso ona dela bainatzeko.
Udalaren esanetan, ez dago analisi berezirik alga mikroskopiko hori detektatzeko; kaltetutako pertsonen sintomatologia da alga hori dagoen seinale nagusia. Antza denez, beroak lagundu egin dio alga horri azkarrago ugaltzen, eta kontzentrazio altuago horrek eragin du, seguruenik, azkura kasu gehiago izatea.
Osasun Sailaren arabera, ez dago larritzeko arrazoirik: "Bainurako uretan dauden mikro-algek, batez ere itsasbeheran, azkura eragin diezaieke batzuei. Azkura sentitzen baduzu, ez larritu, desatsegina da baina ez da ezer larria, ez arriskutsua". Bainu laburrak hartzea, sintomarik izanez gero sorosleen postura joatea eta bainua hartu ostean dutxatzea gomendatu dute.
Lapurdin abuztu hasieran hauteman zuten alga hori, eta han, badaezpada, itxi egin zituzten hondartzak.
Zer da Ostreopsis siamensis alga?
Ostreopsis siamensis alga batez ere itsas hondoan hazten den itsas alga mikroskopikoa da, mikroalga bat, harriak eta harritxoak estaltzen dituena. Mikroskopikoa denez, ezin da begi hutsez ikusi, baina ugalduz gero, itsas hondoa estaltzen duen mikroorganismo hauen pelikula ikusgarri bihurtzen da, hondoa eta objektuak geruza marroi batez estali ohi duelako, eta, gainera, uretan flotatzen ari diren bits edo pikor muzilaginosoak ikus daitezke.
Ostreopsis siamensis algaren kontzentrazioa handia denean, itsas aerosol kutsatuak ukitzeak edo arnasteak azkura (pruritoa) eta larruazaleko erupzioak (eritema) eragin ditzake.
Era berean, gripearen antzeko adierazpen klinikoak izan daitezke: errinorrea, eztul produktiboa, sukarra, bronkio-konstrikzioa, arnasteko zailtasuna eta toxinarekin aerosolak arnastu ostean mukosak eta begiak narritatzea. Kasu honetan, seinale klinikoak aerosolekiko esposizioaren ondorengo 48 orduetan agertzen dira, 2-6 ordu igarotakoan, eta horiek jasaten hasi eta 24-48 orduan desagertu ohi dira.