Gizartea -

KORONABIRUSA

Adinekoei hirugarren dosia jartzen hasi dira Ipar Euskal Herrian

Adinekoen egoitzetako 80 urtetik gorako erabiltzaileek jasoko dute lehenik, baina, oro har, 65 urtetik gorakoek eta immunodeprimituek ere jasoko dute.

Osasun-langile bat txerto bat jartzen. Argazkia: EFE.
Osasun-langile bat txerto bat jartzen. Argazkia: EFE.
Osasun-langile bat txerto bat jartzen. Argazkia: EFE.

I. R. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herrian, abian da adinekoen egoitzetan covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia emateko prozesua. 80 urtetik gorako erabiltzaileak izango dira lehenak jasotzen, baina, oro har, 65 urtetik gorakoek eta immunodeprimituek ere hartuko dute hirugarren dosia.

Asteazkenetik aurrera, gainera, osasun-langile guztiek txertoa jarrita izan beharko dute, nahitaez. Neurri horrek polemika piztu eta hainbat arazo sortu ditu, osasun zentroetan eta ospitaleetan lanpostu hutsak betetzeko arazoak baitaude.

Euskadin, Osakidetza dagoeneko hasi da immunodepresioren bat duten 4.500 gaixori txertoaren hirugarren dosirako hitzordua ematen, Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak inokulazio prozesu horri oniritzia eman ostean. Jaurlaritzak gordeta dituen Pfizer edo Moderna farmazia-etxeen gertakinak erabiliko ditu horretarako.

Ildo horretan, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak adierazi du dagoeneko zerrendak eta txertaketa antolatzen ari direla pertsona immunokonprometituei dosi gehigarri bat emateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Egoitza geriatrikoak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Adinekoak gaurko berriak