Gizartea -

Sexu esplotazioa

Emakunde eta aldundiek bat egingo dute EAEn emakumeen salerosketa eta sexu esplotazioari aurre egiteko

Erakunde eta eragile sozialek osaturiko Sexu Esplotaziorako Emakumeen eta Nesken Salerosketaren Aurkako Mahaiak dokumentu bat landu du salerosketaren biktima izan daitezkeen emakumeak hauteman eta identifikatzen laguntzeko.

Sexu esplotazioaren aurkako protesta ekintza bateko irudia. EiTB
Sexu esplotazioaren aurkako protesta ekintza bateko irudia.
Sexu esplotazioaren aurkako protesta ekintza bateko irudia. EiTB

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakunde Emakumeen Euskal Erakundeak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek lantalde bat osatuko dute EAEn emakume eta neskatoen salerosketa eta sexu esplotazio kasuen aurrean ekiteko protokoloa lantzeko helburuz. 

Hala erabaki dute asteazkenean bildu den Sexu Esplotaziorako Emakumeen eta Nesken Salerosketaren Aurkako Mahaian, erakunde eta eragile sozialek osatua, gaur ospatzen den Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan. 

Bilera ostean, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak ohar batean nabarmendu du "giza-eskubideak urratzen dituen arazo larri honen aurrean erakundeek elkar hartzea funtsezkoa" dela, eta beharrezko jo du "erakunde eta eragile sozialen arteko elkarlana". 

Era berean, mahaiak berretsi egin du 2020an eta 2021ean organoa osatzen dutenek salerosketaren biktima diren emakumeak detektatzeko eta identifikatzeko adierazle komunak finkatzeko helburuarekin landutako barne dokumentua. Helburua da adierazle komun horiek Euskadin sexu esplotaziorako salerosketaren biktima izan daitezkeen emakumeak hobeto identifikatzen laguntzea, eta horrela, haien errealitatea eta beharrak hobeto ezagutu ahal izatea.

Mahaik eskatuta egin den azken txostenaren arabera, egoera horretan egon litezke EAEn protituzioan lan egiten duten emakumeen % 10 edo % 15. 

Gaurko bileratik, halaber, salerosketa-kasuekin harremana duten arloetako profesionalei zuzendutako prestakuntza-proposamen bat atera da, besteak beste, genero-indarkeriaren eta atzerritarren arloko ofiziozko txandan parte hartzen dutenei. 

Emakunde emakumearen euskal erakundeak koordinatzen du Mahaia, eta Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko eta Segurtasun Saileko, Ertzaintzako, Fiskaltzako, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzako, hiru aldundietako eta Caritas, CEAR Euskadi, Munduko Medikuak, Ihesaren aurkako Batzordea, Gurutze Gorria, Gizarterako, Askabide, Oblatas eta Accem gizarte erakundeetako ordezkariek osatzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba EAE albisteak Gizarte zerbitzuak Delituak Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak