Gizartea -
Ingurumen-inpaktua
Zero kilometroko produktuak bai, baina ez beti
Adituek diotenez, kasu batzuetan janaria urrutitik garraiatzeak bertan ekoizteak baino inpaktu txikiagoa du ingurumenean.
Elhuyar
Adituek ohartarazi dute zero kilometroko produktuek ez dutela beti urrutitik ekartzen direnek baino inpaktu txikiagoa izaten ingurumenean. "Tokiko produktuak, hau da, Euskadin ekoizten eta kontsumitzen denak, ez du bermatzen ingurumenaren aldetik jasangarriagoa izango denik, inportatutako produktuekin alderatzen dugunean", dio Olatz Unamunzagak, NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Saileko buruak. "Zergatik? Ingurumen-jasangarritasuna neurtzeko, kontuan hartu behar ditugulako ekoizpenetik kontsumora bitarteko baliabide guztiak".
Garraioa da baliabide horietako bat. Eta garrantzitsua da. Izan ere, CO2-aren emisio antropogenikoen laurdena baino gehiago produktuen garraioak eragiten ditu, eta, beraz, elikagaien sektorean garraioa murriztea klima-aldaketaren aurkako jarduera ona da. Horregatik sustatzen dira kontsumitzen diren lekutik gertu ekoizten diren zero kilometroko produktuak.
Urtarrileko tomateak
Hala ere, badira kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk. "Ekoizteko ongarri asko, fitosanitario asko eta energia asko erabiltzeak ez du konpentsatzen banaketan kilometro gutxi egiteak", esan du Unamunzagak.
"Adibidez, urtarrilean tokiko produktu gisa ekoitzi eta kontsumitutako tomate bat eta Euskaditik 600 km-ra urtarrilean tomatea ekoizteko baldintza klimatiko ezin hobeak (tenperatura nahikoa, argitasun nahikoa, eta abar) dituen leku batetik inportatutako beste bat aldera daitezke. Urtarrilean tomatea Euskadin ekoizteko, berogailua behar dut, baliabide asko behar ditut, eta landare hori behartzen ari naiz hilabete naturala ez den batean fruitua ematera", azaldu du adituak. Horregatik, ingurumen-balantze osoa inportatutako tomatearen aldekoa da.
Ikerketa
Euskadin urtarrilean ekoitzitako tomatea adibide bat besterik ez da, urte sasoia funtsezkoa duen produktu batena. Baina faktore gehiago hartu behar dira kontuan, hala nola ekoizpenaren optimizazio zientifikoa. Zenbat ongarri erabiltzen dira, adibidez, letxuga kilo bat ekoizteko? Eta zenbat ur erabili behar da? Zenbat energia? Eta zenbat gasolio behar da kontsumitzailearengana garraiatzeko?
"Erabilitako baliabide guztiak zenbatu behar dira, eta, ondoren, zientifikoki frogatuta dauden metodologien bidez, ingurumenean duen eragina kuantifikatu", esan du Unamunzagak. "Orain dela urte askotatik egin diren ikerketen garrantzia nabarmentzeko unea da: gure baldintza klimatikoetara egokitzen diren barietateak erabiltzea, digitalizatzea, nola, noiz eta zenbat ureztatu behar dugun jakiteko sentsoreak erabiltzea, ongarriak behar ditugunean erabiltzea, alarma-sistema horiek une egokiena noiz den esaten digutenean fitosanitarioak erabiltzea".
Lehen sektorean ikerketak tradizio luzea du jada, eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egitera bideratuta dago. "Oso sektore profesionala dugu, eta lan handia egiten ari gara horretan", erantsi du Unamunzagak.