Gizartea -

Adinekoen egoitzak

Aldundiak Txara I egoitzako irregulartasunak onartu ditu eta jarraipena egiten ari direla baieztatu

ELAk salatu du Gipuzkoako egoitza horretako hainbat egoiliar 14 ordu pasa zituztela ohean eta "janaririk gabe". Aldundiari bilera eskatu dio, ratioak moldatu eta egoera bideratzeko, egoiliarren duintasuna berma dadin.

Donostiako Txara I egoitza. Irudia: Google Maps
Donostiako Txara I egoitza.
Donostiako Txara I egoitza. Irudia: Google Maps

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketarako diputatuak onartu du Donostiako Txara I egoitzako 116 egoiliarretatik 16k ohean behar baino denbora gehiago pasa zutela eta  abuztuko 31 egunetatik 9tan katalogoak ezarritakoak baino erizaintza ordu gutxiago egon zirela, opor garaia izateagatik gertatu dela esan du. 

Pasa den abuztuan Txara I-en egindako ikuskapenaren inguruan galdetu diote gaur Peñari. ELAk salatu duenez, ikuskapen horretan ikusi zen "egoiliarrak "14 orduz janaririk gabe" edukitzen zituztela; sindikatuak "gizagabe eta lotsagarri" jo du gertaera. 

Peñak nabarmendu du Txarakoa Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero egiten dituen 325etik gora ikuskapenetako bat dela, eta horien % 96 "aurreko abisurik gabe" egiten direla. 

Ikuskapen hori opor garaian egin zen eta ikusi zen "erizaintza zerbitzuan ezarritakoa baino ordu gutxiago egin zirela abuztuko 9 egunetan". Halabaina, adierazi du "trukean" zaintzaile ordu gehiago izan zirela. 

Peñak aitortu du zailtasunak egon direla erizainak ordezkatzeko, opor garaia izateagatik eta pandemiagatik. "Arazoa egiturazkoa da", esan du. 

Halaber, aitortu du Txara I-eko 16 erabiltzaile ohi baino lehenago oheratu eta ohi baino beranduago altxarazi zituztela. Konstatazio horren aurrean, Peñak argi utzi nahi izan duenez, "pertsona hauek ohean zeuden, ez itxita" eta esan duenez "ez ziren jan gabe egon, eskaini zitzaien afari ostekoa"; "eurentzat egoki dena baino denbora luzeagoz etzanda" egon zirela aitortu du, halere. 

Peñak zehaztu du Txara I-eko ikuskapen honetan "hainbat kontu ikusi direla, eta ohi bezala, egoera hobetzeko beharrezko ikuskapen eta prozedimenduak aktibatu direla" eta jarraipena egiten ari direla. 

Diputatuak adierazi du hemendik aurrera "hobetu beharrekoak hobetzeko denbora bat" ematen dela eta ondoren egiaztatuko dutela "protokoloak bete ote diren". 

ELAk Aldundiarekin bildu nahi du

ELA sindikatuak ohar batean salatu duenez, enpresa pribatuek "ahaztu egiten dute modu duinean zainduak izateko eskubidea duten pertsonekin lan egiten dutela". Salaketen arabera, "langile gehiago kontratatu behar dira eta arreta zuzeneko ratioak handitu", 252 egun greban daramatzaten Gipuzkoako egoitzetako langileek eskatzen duten bezala.

Ildo horretan, ELAk "aipamen berezia" egin dio erizainen ratioen egoerari; zentro batzuetan "egun batzuetan erizaintzako zortzi ordu baino ez dira eskaintzen, erabiltzaileak egunean 24 orduko zerbitzua ordaintzen duenean", azpimarratu du.

Sindikatuaren arabera, egoiliar batzuk "behar bezala garbitu gabe eraman ditzakete gosaltzera", eta erabiltzaile batzuek "afariari oka egiten diote jaten amaitu bezain laster oheratzen dituztelako", zentroak kudeatzen dituzten "enpresek ezartzen duten lan-abiadura" dela eta.

"Hori guztia Aldundiaren babesarekin gertatzen da", sindikatuak salatu duenez, izan ere, enpresa kudeatzaileak "diruz laguntzen" ditu aldundiak eta hura arduratzen da ratioak ezartzea. Horregatik guztiagatik, Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñari eskatu dio onar dezala sindikatu horrek egoera bideratzeko bilera bat egiteko egindako eskaera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Gipuzkoa ELA EAE Gizarte zerbitzuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Adinekoak Grebak Erizaintza Lan gatazkak Gipuzkoako Foru Aldundia