Gizartea -

Indarkeria matxista

% 9 igo dira indarkeria matxista salaketak EAEn eta % 4,7 jaitsi Nafarroan

2021eko bigarren hiruhilekoan 1849 salaketa jarri dira Hego Euskal Herrian indarkeria matxistagatik. Babeserako 145 onartu dira eta beste 134 atzera bota. 100 emakumek beren ezkontidearen edo ezkontide ohiaren aurka ez deklaratzea hautatu dute.

Tratu txarren biktimei laguntzeko telefonoa. EITB.
Tratu txarren biktimei laguntzeko telefonoa.
Tratu txarren biktimei laguntzeko telefonoa. EITB.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko epaitegietan 1849 salaketa ipini dira indarkeria matxistagatik 2021eko bigarren hiruhilekoan. Iazko epealdi berarekin alderatuta, ia 100 salaketa gehiago dira. 

Hala ere, igoera hori EAEko datuek bultzatutakoa da, 1403 salaketa izan baitira erkidegoan, iaz baino % 9 gehiago. Nafarroan, aldiz, hobeak dira datuak 446 salaketa ipini baitira, iazko epealdi berean baino 22 gutxiago, % 4,7 gutxiago, beraz. 

Hala erakusten dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren Aurkako Behatokiaren (BJKN) datuek. Espainian, oro har, % 17,8 egin dute gora salaketek, eta % 20,4 biktimen kopuruak.

Espainiako Estatuan, oro har, genero indarkeriaren biktimen tasa 10.000 emakumeko 16,6koa izan da azken hiruhilekoan, duela urtebete baino ia hiru puntu gehiago (13,8). EAE eta Nafarroa Estatuko batez bestekoaren azpitik egon dira bigarren hiruhilekoan. Nafarroan tasa 13,4ra jaitsi da (13,7koa zen 2020an) eta EAEn, berriz 12,3ra igo da (10,9 2020an).

EAEn, tratu txarrak jasan dituzten 94 emakumek erasotzailearen aurka ez deklaratzeko eskubidea baliatu dute, iaz baino % 7,8 gutxiago (102). Nafarroan 6 emakumek baliatu dute eskubide hori, iazko bigarren hiruhilekoan bezala.

Hegoaldeko epaitegietan 279 babes-agindu ebatzi dira  ekainera arte (2020ko epe berean 239 izan ziren); horietatik 145 onartu egin dira eta 134 ukatu. Babes-agindu kopurua igo egin da EAEn 113tik 181era, eta nabarmen jaitsi, berriz, Nafarroan, 126tik 98ra. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia