Gizartea -
Istiluak
Poliziaren dispositiboari eutsiko dio Bilboko Udalak, asteburu "zail" baten ondoren
Asteburuan "lasai lo egiterik izan ez duten" bilbotarrei "barkamena" eskatu die Aburtok. Liskarretan eraso egin dieten poliziei eta argazkilariari elkartasuna eta babesa adierazi die alkateak.
Agentziak | EiTB Media
Asteburu "zail" baten ondoren, Poliziaren dispositiboari eutsiko diotela ziurtatu du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak astelehen honetan. Larunbat zein igande goizaldean istiluak izan zirela deitoratu du agintariak.
Bilboko Gazte Plan berria aurkezteko agerraldia egin du Aburtok. Asteburuan "lasai lo egiterik izan ez duten" bilbotarrei "barkamena" eskatu die buruzagiak. Liskarretan eraso egin dieten poliziei eta argazkilariari elkartasuna eta babesa adierazi die alkateak.
Jadanik datorren astebururako dispositiboa prestatzen ari direla azaldu du alkateak, Pilarreko Andre Mariaren zubia baita. "Prebentzioa, asmoa kentzea eta isunak" oinarri izango dituztela berretsi du Aburtok.
"Ez gertatzea gustatuko litzaidake, baina jarraitzen duen bitartean Polizia beste baliabide bat izango da", esan du agintariak. Iragan asteburuan, atxiloketez gain, 300 isun inguru jarri zituztela gaineratu du.
Aburtoren hitzetan, gazteriaren "gehiengoak arauak bete ditu", baina "bete ez dituzten" gazteei "erantzukizuna" eskatu die, "jarrera aldatzeko".
Udalarentzat Poliziaren dispositiboak suposatzen duen "esfortzu ikaragarria" gogorarazi du alkateak. Gaizkile taldeak litradetan parte hartzen ari ote diren ez du baieztatu nahi izan, baina "dibertitzea ez daiteke delitu egitearen sinonimo bihurtu", nabarmendu du.