Gizartea -
ISTILUAK
Lau gazte atxilotu dituzte Bilbon, botilioien inguruko liskarretan
Lehen hiru atxilotuei desordena publikoak eragitea leporatzen die Ertzaintzak eta laugarrenari, autoritate-agente bati eraso egitea.
EITB MEDIA
17, 18, 20 eta 21 urteko lau gazte atxilotu ditu Ertzaintzak gaur goizaldean Bilbon izan diren liskar batzuetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Departamentuak jakitera eman duenez.
Alde batetik, 05:00ak aldera, hainbat lagun taldek zaborrontziak gurutzatu eta irauli dituzte Maria Diaz de Haro, Urkixo Zumarbidea, Poza Lizentziatua eta Concha Jenerala kaleen inguruetan. Pandemia dela eta ezarritako osasun neurrien baitan, kale edanaren kontrako operatiboan parte hartzen ari ziren patruilak bertaratu direnean, botilak eta bestelako objektuak jaurti dizkiete Ertzaintzaren eta Udaltzainen autoei.
17, 18 eta 21 urteko hiru gazte atxilotu dituzte liskarretan parte hartu dutelakoan.
Beste alde batetik, ordu hori baino lehenxeago beste hainbat lagunek kristalezko botilak jaurti dituzte Areilza Doktorea kalean zegoen Ertzaintzaren auto baten kontra eta horietako bat gidariaren lekuan zegoen agentea jotzen saiatu da, honek erasoa saihestu ahal izan duen arren.
Ustezko erasotzaileak korrika ihes egin du baina atzetik jarraitu ondoren, inguruetan topatu dute. Atxilotzera joan direnean, ukabilka eta ostikoka oldartu zaie agenteei baina atxilotuta eraman dute 20 urteko gaztea, agente bati eraso egitea leporatuta.
Aburto: "Gupidarik gabe zigortuko ditugu"
Aste honetan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak iragarria zuen polizia gehiago izango zirela kalean asteburu honetan botiloiak egin ohi diren tokietan. Halaber, litroak egiten dituzten pertsonak eta kalean kontsumitzeko edariak saltzen dituzten ostalariak "gupidarik gabe" zigortuko dituztela ohartarazi zuen. "Aisialdia ezin da hori izan. Ezin dugu aisialdia zentzurik gabe edatearekin, bizilagunak izorratzearekin eta ondasun publikoak nahiz pribatuak apurtzearekin lotu", esan zuen.
Kaleko edanarekin amaitzeko asmoz, Udalak eskura dituen "bitarteko guztiak" erabiliko dituela gainertu zuen Aburtok. Hala, Bilbon 300 udaltzain dituztela eta Segurtasun Sailarekin harremana "etengabea" dela gogoratu zuen.