Gizartea -
The World's 50 Best
Bittor Arginzoniz maisuaren Etxebarri erretegia, munduko hirugarren jatetxerik onena berriro
Andoni Luis Aduriz sukaldariaren Mugaritz hamalaugarren tokian sailkatu da, Aitor Arregiren Elkano erretegia hamaseigarren eta Eneko Atxaren Azurmendi 49.
Agentziak | EiTB Media
Bittor Arginzoniz txingarretako maisuaren Etxebarri erretegia (Axpe, Bizkaia) hirugarren lekuan sailkatu da berriro, The World's 50 Best zerrendan.
Kopenhageko soto batean dagoen Noma, Danimarkako jatetxea, munduko jatetxerik onena izendatu dute astearte honetan, Anberesen (Belgika) egindako zeremonian.
Bartzelonako Disfrutar bosgarren sailkatu da, ondoren Andoni Luis Aduriz sukaldariaren Mugaritz Errenteriako jatetxea hamalaugarren, Aitor Arregiren Elkano Getariako erretegia hamaseigarren, Madrileko Diverxo hogeigarren eta Eneko Atxaren Azurmendi Larrabetzuko jatetxea 49.
Danimarkako ostalariak nagusi izan dira aurten, aurreneko bi sariak bereganatu baitituzte. Bigarren tokia Kopenhageko Geranium jatetxearentzat izan da.
Sarituen artean Latinoamerikako ordezkaritza zabala izan da, horietako hiru hamar onenen artean sailkatu baitira: Peruko Central Hegoamerikako jatetxerik onenak laugarren egin du, Maidok (Peru) zazpigarren eta Pujolek (Mexiko) bederatzigarren.