Gizartea -

Indarkeria matxista

Karolina Sarasuak jasandako irain eta mehatxu matxistak salatu ditu Nueva Montaña klubak

Bitartean, Osasunako jokalariak hainbat futbolariren eta zaleen babesa eta elkartasuna jaso ditu.

Karolina Sarasua Osasunako jokalaria. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Karolina Sarasua Osasunako jokalaria. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Karolina Sarasua: ''Ikaragarria izan zen gertatu zena, oso zaila da hau jasatea''

1:39

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kantabriako Nueva Montaña futbol taldeak Karolina Sarasua Osasunako jokalariak jasandako irain eta mehatxu matxistak salatu ditu. Gertakariak asteburuan joan ziren, bi taldeen arteko partidan.

Mateo Sainz Nueva Montaña klubeko presidenteak berak jarri du salaketa astelehen honetan Espainiako Poliziak Santanderren duen egoitzan.

Halaber, partida amaituta grabatu zuen bideoa ere Poliziaren esku utzi du, erasotzaileak identifikatzeko laguntzeko asmoz.

Bitartean, Karolina Sarasuak futbolarien eta zaleen babesa eta elkartasuna jaso ditu. Mai Grande Osasunako lehen taldeko kapitainak ondoko mezua idatzi du Twitterren: "ASKI DA! Ezin dugu emakumeen kontrako jarrera iraingarririk onartu. Nire babes guztia daukazu, lagun. Atzo zure kontra aritu ziren, bihar beste bati tokatuko zaio".

Alexia Putellas Bartzelonako jokalari handiak, berriz, ondoko hausnarketa egin du: "Ene ama, hau deitoragarria baino gehiago da. Denok egin behar dugu zerbait horrelakoak gehiago gerta ez daitezen, ez kirolean, ezta beste inon ere. Oso larria. Nire babes guztia".

Osasunak ere utzi du bere mezua sare sozialetan. Sarasuak jasandako irainak arbuiatu ditu eta Nueva Montaña taldearen jarrera eskertu du, salaketak jartzeagatik.

Halaber, Enrique Maya Iruñeko alkateak lotsagarritzat jo du gertatutakoa eta horrelako gertakarien aurrean "irmotasunez" jardutea aldarrikatu du.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Osasuna Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa