Gizartea -

Adierazpen instituzionala

Gasteizko Udalak atzo Sansomendin izandako hilketa matxista gaitzetsi du

Udalak giza eskubideen alde lan egiteko eta "edozein eraso matxistari berehala eta irmotasunez" aurre egiteko konpromisoa berretsi du. Elkarretaratzea deitu du gaur eguerdirako udaletxe aurrean.

Elkarretaratzea Gasteizen. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Elkarretaratzea Gasteizen.
Sansomendi auzoan izandako hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea, Gasteizen

0:53

O. P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak "irmotasunez gaitzetsi" du atzo Sansomendin gertatutako hilketa matxista. Gizon batek 37 urteko bere emaztea hil zuen eta bere buruaz beste egin zuen gero, emakumearen 13 eta 17 urteko bi semeak etxean bertan zirela. 

Bozeramaleen Batzordea gaur goizean bildu da, eta talde politikoek gaitzespen testu bat adostu dute, hilketa arbuiatu eta "biktimaren hurbilenekoei babesa eta gertutasuna" adierazteko. Udalak adierazi du Indarkeria Matxistaren aurrean jarduteko eta hari aurre egiteko Protokoloa aktibatu duela eta senideen esku jarri dituela beharrezko gerta daitezkeen baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak, nahiz babesekoak eta harrerakoak. 

Udal ordezkariek azpimarratu dutenez, "indarkeria matxistak giza eskubideak larritasunez hausten ditu eta garrantzia handiko arazoa da" indarkeria jasaten duten emakumeen duintasunari ez ezik, osotasun fisikoari eta moralari ere eraso egiten diolako, "erailketa izanik matxismo horren adierazpen larriena". 

Gasteizko Udalak, "emakumeek giza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen erakunde publikoa denez gero", berretsi egin du neurriak hartzen jarraitzeko konpromisoa, udal erakundeek eta herritarrek, oro har, "berehala eta irmotasunez erantzun diezaioten edozein eraso matxistari". Era berean, arreta berezia ipiniko du aurrerantzean ere biktimei lehentasunezko arreta emateko, prebentziora eta ahalduntzera bideratutako ekimenak bultzatzeko eta "erasotzaileen gizarte-zigorgabetasunari" aurre egiteko

Udalak konpromisoa hartu du lan egiten jarraitzeko eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" bermatzeko.

Horregatik, hilketa honi gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu du gaur eguerdirako Plaza Berrian, udaletxe parean, Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka lelopean, eta bat egin du mugimendu feministak antolatutako gaitzespen ekintza guztiekin, herritarrei horietan parte hartzera deitzearekin batera. 

Arabako Batzar Nagusiek ere hilketa matxista gaitzetsi dute

Arabako Batzar Nagusiek irmo gaitzetsi dute iragan asteartean Arabako hiriburuan izandako hilketa matxista. Hala, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Arabak adierazpen instituzionala adostu dute, eta biktimaren lagun eta senitartekoei "babesa eta hurbiltasuna" adierazi diete.

"Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela azpimarratu nahi dugu, eta hilketa matxismoaren adierazpenik larriena dela", eta gaineratu dute "duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako lehen mailako arazo soziala dela, batez ere, emakumeek sufritzen dutena".

Halaber, gogora ekarri dutenez, "indarkeria hori ez da ekintza bakartu bat, gizartea egituratzen duten jokabide esplizituen, mezu normalizatuen eta sinbolikoen sarea baizik".

Ildo horretan, Arabako Batzar Nagusiek konpromisoa hartu dute erakundeek eta herritarrek, oro har, edozein eraso matxistari "berehala eta irmoki erantzuteko" neurriak bultzatzen jarraitzeko, baita biktima lehentasunez artatzeko, emakumeei indarkeriari aurre egiteko tresnak eskuragarri jartzeko eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez ahalbidetzeko ere.

Mercedesek 20 minutuko geldialdia egingo du ostegun honetan

Mercedesek 20 minutuko geldialdia egingo du ostegun honetan Gasteizko lantegian atzoko hilketa matxista gaitzesteko, Erika (atzo hildako emakumea) lantegi horretako langilea baitzen. Gainera, langileek minutu bateko isilunea egin dute asteazken honetan, txanda bakoitzaren amaieran, biktimei eta gertukoei elkartasuna adierazteko.

Ohar bateratu batean, zuzendaritzak eta enpresa batzordeak "erabat" gaitzetsi dute hilketa, "beste biktima batzuk, haien seme-alabak eta gertuko senideak ere uzten dituen hilketa".

Hori dela eta, elkartasuna eta babesa adierazi diete "familiei eta gertukoei", baita lankideei ere, "zalantzarik gabe, atsekabetuta eta kaltetuta egongo baitira gertaera izugarri honekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Indarkeria matxista Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mundu matxista Giza eskubideak Krimenak azken ordukoa