Gizartea -
lasterketa solidarioa
Bizkaia eta Araba, bularreko minbiziaren aurka korrika
Milaka pertsonak Bizkaiko hainbat udalerritako eta Gasteizko kaleak bete dituzte, datorren urriaren 19an izatekoa den Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna dela eta. Jasotako dirua gaixotasun horren ikerkuntzarako erabiliko da.
agentziak | eitb media
Arrosaz jantzitako milaka pertsonak Gasteizko eta Bizkaiko udalerri desberdinetako kaleak ibili dituzte igande honetan, datorren urriaren 19an izatekoa den Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna dela eta.
Aurtengo edizioan, Acambi Bizkaiko Bularreko Minbiziaren eta/edo Ginekologikoaren Elkarteak ohiko Lasterketa Solidarioaren bertsio berezia prestatu du. Bertaratutakoek ibilbide librea hautatu ahal izan dute Bizkaiko edozein txokotan, 5 kilometro ingurukoa. Jende-pilaketak saihesteko egin dute hori.
Parte-hartzaileek, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak tartean, "Bakarrik ez zaudelako" leloa idatzita zuen kamiseta eraman dute soinean.
Bularreko minbiziaren aurkako ekitaldia hasi aurretik, Acambik 7.000 kamiseta baino gehiago salduak zituen jada.
Elkarteak dirua bilduko du inskripzioen eta elastikoen salmentari esker, eta bularreko minbiziaren zein ginekologikoaren ikerkuntzara bideratuko du.
Gainera, kirolaren eta jarduera fisikoaren garrantzia azpimarratu dute elkartetik; bai gaixotasunaren prebentziorako, bai gaixo dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.
Era berean, marea arrosak Arabako hiriburuko kaleak bete ditu pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, eta mila parte-hartzaile inguru izan ditu bigarren edizio honetan.
Arabako Bularreko Minbizidun eta/edo Minbizi Ginekologikodun Emakumeen Elkarteak deitu du hitzordua, eta jai-giroan garatu da.
II Lasterketa Solidarioa goizeko hamarrak aldera atera da Cervantes Pasealekutik, eta 5 kilometro luzatu da, ordu batean zehar. Antolatzaileek adierazi dutenez, "solidaritatea da parte-hartzaileak kalera atera arazi dituena". Gehienak emakumeak izan dira.
Euriak lasterketa errespetatu du ekimenaren edizio berri honetan. Beste urte batez, milaka pertsona batu dira gaixotasunaren inguruko kontzientziazio eta normalkuntzarako, baita ikerkuntza medikoa babesteko ere.
Zortzi euro balio zuen inskripzioak, eta proban bildutako dirua gaixotasunaren ikerkuntzara bideratuko dute.