Gizartea -

SEXU-ERASOA

Gizon bat atxilotu dute Zarautzen, sexu-erasoa leporatuta

Emakumeak igande goizaldean gertatutakoa salatu ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu eta biharamunean gizon bat atxilotu zuen. Asteartean Azpeitiko epaitegiaren esku utzi zuten. Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute ostiralerako, 12:00etan, Lege Zaharren plazan.

Zarautzen egindako elkarretaratze bat. Artxiboko irudia: EFE
Zarautzen egindako elkarretaratze bat.
Zarautzen egindako elkarretaratze bat. Artxiboko irudia: EFE

ANE SANTESTEBAN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen iragan astelehenean, sexu-erasoa egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Erasoa igandean gertatu zen.

Emakumeak igande goizaldean gertatutakoa salatu ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu eta biharamunean gizon bat atxilotu zuen. Asteartean Azpeitiko epaitegiaren esku utzi zuten.

Zarauzko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du ostegun honetan, herrian gertatutako sexu-eraso bat salatzeko, eta "biktimari eta haren ingurukoei babesa eta hurbiltasuna" helarazi die. Gainera, elkarretaratzea deitu du biharko, 12:00etan, Lege Zaharren enparantzan.

Udalak, halaber, "errekuperazio eta erreparazio prozesuan laguntzeko behar dituen informazioa eta udal baliabideak" eskura dituela gogorarazi dio biltimari, eta, gaineratu du, erakunde gisa, ez duela "inondik ere" onartuko "emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik".

Funtsezkotzat jo du baita ere gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-balioak sustatzea, hezkuntzatik hasita, emakumeek beren bizitzako alderdi guztietan autonomiaren alde lan eginez eta indarkeria matxistaren edozein adierazpen eragotziz.

Azkenik, Zarauzko Udalak azaldu du genero-indarkeriaren amaierak "gizarte osoaren inplikazioa" eskatzen duela, eta biktimak "berreskuratzen eta erreparatzen" lagundu behar dela. Horretarako, sexu-erasoa publikoki salatzeko herritarrak animatu ditu bihar, ostirala, 12:00etan Lege Zaharren enparantzan egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

"Gertakariek gizon eta emakumeen arteko berdintasun faltan dute jatorria, jarrera eta ideia matxistetan, emakumeak kontrolpean eta menpean nahi dituztelako", salatu du Gipuzkoako Aldundiak.

"Guzti horregatik, beste behin ere, berdintasuna aldarrikatu nahi dugu. Gizonen eta emakumeen berdintasunari errespetua, baita pertsonaren duintasun, sexu askatasun eta osotasun fisikoari ere; eskubide horien aurkako jokabideek ez dutelako tokirik gure gizartean", azaldu du ohar batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Azpeitia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Zarautz bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Feminismoa Sexu erasoak Matxismoa Delituak albisteak Indarkeria matxistaren biktimak