Gizartea -

araba bizirik

Manifestazioa izan da Gasteizen, Araban egin nahi dituzten makroproiektu eoliko eta fotoboltaikoen aurka

Araban bultzatu nahi dituzten makroproiektu eoliko eta fotoboltaikoak salatu dituzte Gasteizen, biodibertsitatearentzat eta landa-inguruarenzat suposatzen duten "mehatxua" dela eta.

'Araba Bizirik' taldeak deitutako manifestazioa. Argazkia: Radio Vitoria
'Araba Bizirik' taldeak deitutako manifestazioa. Argazkia: Radio Vitoria
'Araba Bizirik' taldeak deitutako manifestazioa. Argazkia: Radio Vitoria

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak manifestazioa egin dute larunbat honetan Gasteizen, Araban bultzatu nahi dituzten makroproiektu eoliko eta fotoboltaikoen aurka, biodibertsitatearentzat eta landa-inguruarenzat suposatzen duten "mehatxua" dela eta.

Araba Bizirik plataformak deitutako martxak Gasteizko erdialdeko kaleetatik egin du ibilbidea, 18:30etan Bilbao plazatik abiatu ostean. Zenbait traktore ibili dira manifestazioaren buru, eta "Lurra defendatuko dugu" mezua zuen pankarta bat.

Plataformak salatu egin ditu parke eolikoek, "megaparke fotoboltaikoen" proiektuek eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eraikuntzak ingurumenarentzat, nekazaritzaretzat, faunarentzat eta landa-inguruarentzat suposatzen dituzten arriskuak.

Lurralde Plan Sektoriala onar dezaten eskatu diete erakundeei; horrelako instalazio energetikoak arautzeko eta energiak "era ordenatuan, planifikatuan" hedatzeko, "pertsonak errespetatuz eta lurraldeko ingurumen-balioekin bat etorriz".

Araba Bizirik taldeak defendatu duenez, badira Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Aldundiaren jardunbidearekiko "alternatibak". Eguzki-parkeak instalatzeko, "aurretik amortizatutako zoruak eta industria-poligonoetako lurzoruak" erabiltzea proposatu dute.

Gainera, Eusko Jaurlaritzan eta Arabako Aldundian EAJ-PSE koalizioko gobernuek enpresa pribatu handiei ematen dieten "babesa" salatu dute, makroproiektu energetiko horiek bultzatzeko.

Era berean, nabarmendu dute "beharrezko" bilakaera energetiko horrek "planifikatua, adostua eta arautua" izan behar duela, lurraldearen etorkizuna baldintzatu dezaketen akatsak saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gasteiz Gaurko azken ordukoa Manifestazioak Ingurumena albisteak