Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Libre utzi dute Erandion emakume bati sexu erasoa egiteagatik atxilotutako gaztea
Larunbat goizeko 07:00ak aldera gertatu zen erasoa Erandioko aisialdi gune batean. Ez da ezagutzera eman karguekin edo kargu gabe geratu den aske atzo atxilotutako gizona.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Libre geratu da atzo goizean Erandion gertatu zen sexu erasoagatik atxilotutako gizona, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Arratsaldeko lehen orduan atxilotu zuen 25 urteko gaztea Ertzaintzak Santurtzin.
Erasoa larunbat goizaldean gertatu zen Erandion. Antza denez, emakumea ezustean harrapatu eta erasotu egin zuten 07:00ak aldera, aisialdiko gune batean.
Erasoa gertatu ondoren, emakume gazte batzuk lagundu zioten biktimari eta Ertzaintzari deitu zioten. Patruila bat bertaratu eta ospitalera eraman zuten.
Bitartean, erasotzailearen inguruko datuak bildu eta ikerketa hasi zuen Ertzaintzak eta ustezko egilea identifikatzea lortu zuten. Gizona 14:00ak baino zertxobait lehenago atxilotu zuten Santurtziko etxebizitza batean.
Atxilotua komisariara eraman zuten sexu delitua leporatuta eta gaur goizean igaro da epailearen aurretik. Hark libre uztea erabaki du. Segurtasun Sailak ez du jakitera eman karguekin edo kargurik gabe geratu den aske.