Gizartea -

PROIEKTU PILOTUA

Kamera bidez agenteen jarduketak grabatzen hasi da Ertzaintza, proiektu pilotu baten barruan

Bilboko, Gasteizko eta Irungo Ertzaintzaren 30 patruila grabazio kamerak erabiltzen hasi dira lehen aldiz, beren jarduketak grabatzeko. 2024rako, patruila guztiek "body cams" direlakoak integratuta izatea da helburua.

Ertzaintzaren bi agente. Artxiboko irudia: Irekia
Ertzaintzaren bi agente
Ertzaintzaren bi agente. Artxiboko irudia: Irekia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko, Gasteizko eta Irungo ertzain batzuk soinean kamerak eramaten hasi dira beren jarduna grabatzeko. Jaurlaritzak martxan jarritako proiektu pilotu hau 10 astez luzatuko da, eta helburua, 2024rako patruila guztiek "body cams" direlakoak izatea da.

Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuak iragan martxoan iragarri zuen bi hiriburuetako eta Irungo Ertzaintzaren 30 patruilek kamerak jarriko zituztela uniformeetan beren jarduketak grabatzeko.

Asteazken honetan, berriz, Bilbon egin den Euskadiko Segurtasun Pribatuaren V. Biltzarraren inaugurazioan, Raul Otaolak, Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiko Inteligentzia Operatiboko buruak, Euskadiko hiru hirietan garatzen ari den proiektuaren xehetasunak eman ditu.

Zehaztu duenez, 30 kamera desberdin erabiltzen ari dira goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan. 18 kamera Bilboko taldeetara zuzendu dituzte, sei Gasteizerako eta sei Irunerako.

Probatzen ari diren kamera-modeloez gain, ekipamendua bestelako osagaik ere izango ditu: kamerak agenteen uniformeei lotzeko osagarriak, irudiak automatikoki jaisteko eta bateriak ertzain-etxeetan kargatzeko gailuak, bideo-kudeaketako sistemak eta irudiak zorroztasun eta segurtasun osoz biltegiratu eta tratatu ahal izateko software lizentziak.

Behin aztertuta, Jaurlaritzak grabazio-sistemen funtzionalitateak zehaztu, ezarri eta doituko ditu, Ertzaintzaren patruila guztiek grabazio-kamerak izan ditzaten. Era horretara, polizia-jarduketek gardentasun handiagoa izango dute, delitu-egitateen aurrean frogak era egokiagoan aurkeztu ahal izango dira eta agenteen segurtasuna areagotuko da.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan segurtasunaren arloan egiten duen lana gidatzen duen ardatz nagusietako baten barruan kokatzen da: prozesuen digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa, segurtasun publikoaren erronkari erantzuteko tresna aurreratu eta egokiak izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Eguneko albisteak Irun albisteak gaur Gaurko azken orduko albistea