Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentzia altuko herrietan ekitaldi jendetsuak bertan behera uzteko deia egin die Osasun Sailak udalei

100.000 biztanleko 150 kasuko pilatutako tasa baino handiagoa duten udalerri guztiei eragingo die. Era berean, baimena eskatuko zaio EAEko Auzitegi Nagusiari gaueko aisialdian eta ostalaritzan covid ziurtagiria eskatu ahal izateko.

Sagardui, prentsaurrekoan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Sagardui, prentsaurrekoan.
Sagardui: ''Ez goaz ondo eta neurriak indartu behar ditugu egoerari buelta emateko''

1:13

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Atzera ez egiteko neurriak hartzea ezinbestekoa" delakoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindu berria onartuko du izurriaren hedatzea geldiarazten saiatzeko eta neurri "osagarriak" ezarriko ditu horretarako. Hala, 150 kasutik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan mota guztietako ekitaldi jendetsuak "bertan behera utzi edo aldi baterako atzeratzea" eskatu die udalei. Jan-edana, eta beraz maskara kentzea, dakarten jarduerak bereziki zaindu behar direla zehaztu du Sailak.

Horrez gain, antolatzen diren ekitaldietan pilaketak saihesteko neurriak indartzea eskatuko zaie udalei, eta aire librean egindakoak lehenestea, horiek baitira "seguruenak". Hori horrela, tokiko erakundeei egokituko zaie jarduera edo ekitaldi horiek egitea erabakitzea.

Halaber, EAEko Auzitegi Nagusiari bermea eskatu dio hainbat eremutan covid-19 ziurtagiria eskatu ahal izateko. Jaurlaritzaren asmoa honakoa da: gaueko aisialdiko establezimenduetan, kontzertu-aretoetan edo 50 lagunetik gorako edukiera duten ostalaritza-establezimenduetan 12 urtetik gorako pertsonei eskatzea.

Gotzone Sagardui prentsa aurrera azaldu da gobernu bileraren ondotik, eta agerraldian zehaztu ditu asteazkenetik aurrera indarrean egongo diren neurriak. Pandemiak EAEn duen egoeraren argazki bat ere eman du Osasun sailburuak. Iragarri duenez, gainera, aurrerantzean astean bitan kaleratuko dute buletin epidemiologikoa: astelehenetan (orain arte bezala) eta ostegunetan. Datuok eskuan, udalerrietako egoera zehatza zein den jakin ahalko dute udalek, neurri osagarri horiek hartze aldera.

Urriaren 6tik indarrean dauden hiru neurriek bere horretan jarraituko dute. Hots, edukiera muga % 80koa izango da espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan; leku itxietan edota kanpoaldean egiten diren kirol eta kultur ekitaldietan jatearen eta edatearen debekua (ura bakarrik edan daiteke), eta musukoen erabilera derrigorrezkoa barrualdeetan, eta kanpoaldean ere bai, segurtasun tartea ezin bada errespetatu.

"Hazkunde handia"

Sagarduik aitortu duenez, "ez goaz ondo eta joerak adierazten du pandemiak hazkunde abiadura handia duela". Osasun sailburuak aitortu du hazkunde hori ez dela "oraindik" ospitaleetan nabaritu, baina erantsi du "berantiarra" izaten dela eragin hori.

"Egoera erne egoteko modukoa da", esan du sailburuak. Eman dituen datuen arabera, azken 14 egunetan pilatutako intzidentzia tasa 196,25 kasukoa da, eta 136 pertsona daude ospitaleetako gela arruntetan, 27 ZIUetan.

"Duela urtebete baino hobeto gaude, zalantzarik gabe. 2020ko azaroan 824 kasukoa zen intzidentzia, eta 145 gaixo genituen ZIUetan eta 516 erietxeratuta. Ez geneukan txertorik, gainera", aitortu du.

Sagarduiren ustez, txertaketak "aldea" ezarri du egoeran, eta biztanleriaren "babes maila ona da". Hala, horren ustez, adierazle nagusien balorazioak ezberdina izan behar du.

Zehaztu duenez, adin tarte batzuetan txikiagoa da babes maila. Hori horrela, 30-39 urteko biztanleriaren % 17k, 20-29 urteko % 21ek eta 16-19 urteko % 13k ez du pauta osoa jaso. Horren ondorioz, biztanleriaren talde batzuetan "intzidentzia handiagoa" da, adibidez, 12 urtetik beherako haurrengan (ez dute txertorik) eta 30-39 urtekoen artean.

Azkenik, kazetarien galderei erantzunez, sailburuak iragarri du delta plus aldaeraren kasu bat atzeman dutela EAEn. Dena dela, azpimarratu du kasu hori ez dagoela kutsatzeen gorakadarekin lotuta. "Azpi-aldaera horrek ez du erakutsi delta aldaerak transmititzeko duen ahalmena baino handiagoa", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba EAE Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Zientzia albisteak Medikuntza albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako ospitalea Erizaintza Medizinak albisteak Txertoak albisteak Donostia Unibertsitate Ospitalea Txagorritxu Ospitalea albisteak COVID olatu berria Galdakao-Usansolo Ospitalea Osasun zentroak gaur Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022