Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Mutrikun bikotekidea kolpatzeagatik

Emakumea ospitalean artatu behar izan zuten. Epaileak aske utzi zuen gizona, biktimarengandik urruntzeko agindua ezarrita. Mutrikuko Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen, eta herriko talde feministek deituta eraso matxista salatzeko manifestazioa egin zuten ostegun arratsaldean.

Indarkeria matxista salatzeko manifestazioa Mutrikun. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Indarkeria matxista salatzeko manifestazioa Mutrikun
Mutrikuko bizilagunek manifestazioa egin dute emakume batek jasandako erasoa salatzeko

1:38

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Mutrikun (Gipuzkoa) bikotekideari eraso egitea egotzita. Biktima Mendaroko Ospitalera eraman behar izan zuten, zituen lesioak artatzeko.

Segurtasun Sailak ohar batean zehaztu duenez, eraso matxista larunbatean jazo zen. Agenteek egunean bertan atxilotu zuten ustezko erasotzailea, eta polizia eginbideak amaituta, Eibarko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zuten. Epaileak aske utzi zuen gizona, biktimarengandik urruntzeko agindua ezarrita. Diario Vasco-k jaso duenez, gizonak aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik.

Eraso matxista horren aurrean, Mutrikuko Udalak oharra atera zuen atzo "gaitzespenik irmoena" agertzeko, emakumeari eta bere ingurukoei "elkartasun osoa" adierazteko eta EMA herriko talde feministak deitutako manifestazioarekin bat egiteko.

Mutrikuko Udalaren esanetan, "asteburuan gertaturiko erasoa ez da kasu isolatua, sistema baten ondorio da. Indarkeria matxista estrukturala da: oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza eta diskriminazioa daude, eta sistema heteropatriarkalak sostengatzen du indarkeria hori".

"Horren aurrean, gizarte feminista eta justu bat aldarrikatzen dugu. Herritar guztiei indarkeria matxistaren aurrean zero tolerantzia izan dezatela eskatzen diegu. Indarkeria matxistarekin amaitzea jendarte osoaren ardura eta erantzukizuna da", gaineratu zuen.

Bestalde, atzo arratsaldean manifestazioa egin zuten Mutrikun, Goiko Plazatik abiatuta.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Umeak tratu txarrak Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoako albisteak Gizartea albisteak Genero indarkeriaren biktimak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Mutriku albisteak