Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19aren aurkako hirugarren dosia eskuragarri dute jada Iparraldeko herritar heldu guztiek
Konfinamendua, saltokien itxiera aurreratzea edo joan-etorriak mugatzea baztertu du Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak oraingoz.
Agentziak | EiTB Media
18 urtez gorako herritar guztiek koronabirusaren aurkako hirugarren dosia jasotzeko aukera izango dute Ipar Euskal Herrian gaurtik aurrera.
"Aurrerantzean hirugarren dosia 18 urtez gorako guztiek jaso ahal izango dute, azken txertoa hartu zutenetik bost hilabete pasa badira", adierazi zuen Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak.
Frantziako Gobernuak ziurtatu zuen txerto nahikoa izango direla. Familia medikuei ala erizainei eskatu edo 1.200 bat txertaketa zentro masiboetan hartzeko aukera izango dute herritarrek. Txertaketa zentroak berriro zabaldu edo martxan jarriko dira Estatu osoan.
Osasun ziurtagiria
Bestalde, toki publiko gehienetan sartu ahal izateko osasun ziurtagiriaren baldintzak zorroztuko dituztela iragarri zuen ministroak.
Orain arte, probak 72 orduko iraupena zuen, baina 24 ordura murriztu dute. Era berean, txertoa jaso ez dutenek ordaindu egin beharko dute.
Toki publiko itxi guztietan musukoa berriro derrigorrezkoa izango dela ziurtatu zuen Veranek. Babes neurriak mantentzea ere eskatu zuen, hala nola, eskuak garbitzea edo distantzia soziala. Ministroaren ahotan, dispositibo horrekin "Frantziak bosgarren olatua gainditu dezake, neurri gogorragorik hartu gabe".
Konfinamendua, saltokien itxiera aurreratzea edo joan-etorriak mugatzea baztertu egin zuten, aurreko olatuetan ez bezala, Frantzian hamar heldutatik ia bederatzik txertoa jasoa duelako.
Bi tratamendu
Covidari aurre egiteko tresna horiez gain, laster "emaitza esperantzagarriak" izaten ari diren bi tratamendu eskura izango dituztela jakinarazi zuen ministroak.
Bat, injekzio bidez, ospitalean larri dauden pazienteentzako izango da, bestea, pilula bat, botiketan eskuragarri egongo da abendutik aurrera, baina errezeta beharrezkoa izango da. Kutsatu ondorengo bost egunetan hartuz gero, ospitaleratzeko arriskua erdira murrizten du pilulak.