Gizartea -
Eguraldia
Lehenengo elur malutak erori dira Euskal Herrian
Piriniotako herriak zurituta esnatu dira, eta Gasteizen elurbustia bota du lehenengo ordutik. Gipuzkoan euriteak izan dira, eta haizea beste protagonistetako bat da, izan ere, hainbat zuhaitz bota ditu Donostian.
EITB MEDIA
Eguraldi iragarpena bete da eta, aurreikusita zegoen bezala, lehenengo elur malutak izan dira Euskal Herriko hainbat txokotan eta maila baxuetan. Hala nola, zurituta esnatu dira Nafarroako Piriniotako hainbat herri eta baita Araban ere. Izan ere, 07:30ak aldera elurbustia bota du Arabako hiriburuan, eta elurra mara-mara bota du 09:00etan Araia bezalako udalerrietan.
Gainera, euria ere barra-barra bota du, batez ere Gipuzkoa aldean, eta Añarbeko urtegian 25 litro metro karratuko pilatu dira 00:00etatik 08:00ak arte (atzo, berriz, 13 litro izan dira egun osoan).
Larrialdiei Aurre Egiteko Plana aktibatu dute Euskadin, uholde-arriskuagatik. Nafarroan, berriz, abisu gorria aktibatu dute elurragatik, igandera arte luzatuko dena. Elurraren 25 zentimetroko metaketa espero da, 600 metroen gainetik.
Bestalde, haizea ere beste protagonistetako bat izan da: kostaldean zakar jo du (Pasaiako portuan 4 metrotik gorako olatuak neurtu dira), eta haize-ufadek hainbat adar eta zuhaitz bota dituzte Donostian (Tolosa Etorbidean, Magisteritza Unibertsitatearen eraikinaren aurrealdean).
Larrialdiei Aurre Egiteko Plana aktibatu dute Euskadin, uholde-arriskuagatik. Nafarroan, berriz, abisu gorria aktibatu dute elurragatik, igandera arte luzatuko dena. Elurraren 25 zentimetroko metaketa espero da, 600 metroen gainetik.
Iragarpena
Gaur, larunbata, negu giroa izango dugu. Zerua estalia egongo da eta erruz botako du, ipar partean prezipitazioa oso ugaria eta iraunkorra izango da, gainera, noizean behin trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du. Tenperaturak behera egingo du eta baita elur-kotak ere, bereziki arratsaldean eta gauean, orduan 500-400 metro inguruan egongo da. Horrez gain, ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, batez ere kostaldean eta Ebro ibarrean. Ekaitz-guneetan haizea bolada gogorrekin ibiliko da.
Iganderako, eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Kantauri isurialdean prezipitazioa oso ugaria izango da, egunaren lehenengo zatian bereziki trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta tenperatura beste apur bat jaits daiteke. Goizaldean eta goizean goiz elur-kota 500-400 metro inguruan egongo da, gero igoz joango da eta gauean 1100 metro inguruan egongo da. Pilatutako prezipitazioa ugaria izango da, eta arratsaldean elur-kota igotzean pilatutako elurraren zati bat urtuko litzateke, ondorioz egunaren bigarren zatian uholdeak izateko arriskua handituko litzateke. Eguraldiaren inguruko informazio eguneratua izateko, eitb.eus-en ikus dezakezu noiznahi, eta zure argazkiak bidali.