Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek bikotekide ohia sastatu eta hil du Granadan
Bikotekide ohiak 39 urteko emakumea labanaz hil du. 44 urteko gizona atxilotu du Espainiako Poliziak.
Agentziak | EiTB Media
Granadako Udalak hiru dolu egun ofizial deitu ditu, eta kultura egitaraua bertan behera utzi du, gizon batek bikotekide ohia hil ondoren. Erasotzailea atxilotu dute dagoeneko.
Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, bikotekide ohiak 39 urteko emakumea labanaz hil du. Jadanik 44 urteko gizona atxilotu du Espainiako Poliziak.
Francisco Cuenca Granadako alkateak jokabide matxista guztiak gelditzeko atsedenik gabe lan egitea eskatu du. Era berean, minutu bateko isilunea deitu du larunbaterako, 12:00etan, Carmen plazan, krimen matxistaren aurka protesta egiteko.
Gertakariak 13:45 aldera jazo dira Granadako Matilde Cantos kalean, Udaltzaingoko bozeramaile batek jakitera eman duenez. Biktima garaje batean hil du erasotzaileak, hiriburuaren iparraldean.
Poliziako iturrien arabera, ustezko hiltzaileak telefonoz deitu du krimenaren berri emateko. Alabetako bati min eman diola azaldu du gizonak deian, baina ikerketako iturriek baztertu dute. Bi alaba adingabeak onik atera direla ziurtatu dute.
Antza denez, 6 eta 4 urteko alaben bila zihoan biktima, ikastetxera joateko autoa hartzera, alegia.