Gizartea -

Nafarroako Auzitegi Nagusia

7 urteko espetxealdia baieztatu diote 2018ko apirilean, Lizarran, bere laguna bortxatzeagatik

Sententziari errekurtsoa jar diezaiokete Gorenaren aurrean. Defentsak aurkeztutako helegitea atzera bota du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Absoluzioa eskatu zuten erasotzailearen abokatuak eta Fiskaltzak.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurralde Auzitegiak iragan maiatzean ezarritako espetxe-zigorra berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Horrela, 2018ko apirilean, Lizarran, bere laguna bortxatzeagatik 7 urteko espetxealdia berretsi diote erasotzaileari.

Kartzela-zigorraz gain, 29 urteko auzipetuari 5 urteko zaintzapeko askatasuna ezarri zion Lurralde Auzitegiak, baita 10 urtez biktimarengana 300 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ohar batean jakitera eman duenez.

Sententziari errekurtsoa jar diezaiokete Gorenaren aurrean. Defentsak aurkeztutako helegitea atzera bota du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Absoluzioa eskatu zuten erasotzailearen abokatuak eta Fiskaltzak. Dagoeneko epaiketan akusatuaren absoluzioa eskatu zuen fiskalak.

Auzitegi Nagusiko magistratuek, aldiz, biktimaren testigantza babestu dute. Beste froga batzuek lekukotza berretsi zuten jadanik.

Horrela, Lurralde Auzitegiak azaldutako gertakariak berriro jazo ditu gai penaletarako aretoak epaian. 2018ko martxoaren 31n, biktima bere mutil-lagunarekin, akusatuak antolatutako festa batera joan zen, Lizarrako taberna batera. Semearen jaiotza bikotekidearekin ospatzeko asmoa zuen auzipetuak.

Apirilaren 1eko 05:00ak aldera, gonbidatu batzuek, salatzailea tartean, ospakizunarekin jarraitu zuten herriko diskoteka batean. Emakumea dirurik gabe geratu zen, eta kutxazain batera joatea erabaki zuen. Akusatuak lagundu zion. Biktimaren mutil-laguna diskotekan geratu zen.

Ibilbidean, atari batean berbetan egon ziren 06:21etik 06:42ra. Emakumeak hotz zuen diskotekatik berokirik gabe atera zelako, eta azkenean kutxazainera hurbiltzea baztertu zuen. Bere ibilgailuan sartzea eskaini zion akusatuak emakumeari, bertan berotzeko eta diskotekara itzultzeko, gertu baitzeuden.

Diskotekara eraman beharrean, ordea, autoan berotzeko aitzakiarekin, igerilekutik hurbil dagoen zonalde batera eraman eta ibilgailua aparkatu zuen gizonak. Emakumeak hotz zuenez, eta "uzkurturik" zegoela ikusita, atzeko eserlekuetara pasatzea proposatu zion auzipetuak.

"Baina bera ez zen gelditu"

Orduan, gizonak oso gustuko zuela esan zion, eta "ukitzen" hasi zen. Biktimaren aurrean jarri, prakak eta azpiko arropa indarrez kendu zizkion, eta bortxatu zuen.

Erasoan zehar, emakumea gizona "gainetik kentzen" saiatu zen "bultzakaden bidez", gelditzeko eskatzen zion bitartean, bere emaztea festan zegoela, aita izan behar zuela esanaz. "Baina bera ez zen gelditu", frogatutzat jo zuen Lurralde Auzitegiak. Ondoren, indarrez biktimari aho-sexua egin zion, eta bigarrenez bortxatu zuen.

Erasoak amaitu ondoren, emakumeak aita-amaginarrebei telefonoz deitu zien. Haiek bertaratu ziren. Akusatuak erasoa tokian bertan aitortu zuen aita-amaginarreben aurrean.

Lauak ospitale batera joan ziren. Han, Lizarrako udaltzain baten aurrean, erasoa berriro onartu zuen auzipetuak "naturaltasunez".

Mozkorkeriaren aringarria aplikatu zion Lurralde Auzitegiak; izan ere, berak zein erasotzaileak gau hartan "asko edan" zutela azaldu zuen biktimak.

Hala ere, defentsak azaldutakoa argudio guztiak atzera bota ditu Auzitegi Nagusiak, nahiz eta Ministerio Fiskalak defentsarekin bat egin.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Lizarra Matxismoa Feminismoa Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiketak