Gizartea -
Epaia
Bizkaiko Auzitegiak 37 urteko zigorra ezarri dio Maguette Mbeugouren hiltzaile eta tratu txar emaileari
Herri epaimahaiak errudun jo zuen gizona honako delituak egotzita: erailketa, tratu txarrak ematea, adingabeak abandonatzea eta horiei lesio psikologikoak eragitea.
Agentziak | EITB Media
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 37 urteko eta bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Maguette Mbeugouren hiltzaile eta tratu txar emaileari, Bara N.ri. Erailketagatik eta tratu txarrak emateagatik ez ezik, adingabeak abandonatzea eta lesio psikologikoak eragiteagatik ere zigortu dute gizona.
Bara senarrak 2018ko irailaren 24an hil zuen 25 urteko emakumea, biek Bilboko Ollerieta auzoan zuten etxebizitzan, 2 eta 4 urteko alabak bertan zirela. Emaztea akabatu ostean, ihes egin zuen gizonak, neskatoak bakarrik utzita.
Herri epaimahai batek errudun jo zuen Bara N, aho batez, honako delituak egotzita: erailketa, tratu txarrak ematea, adingabeak abandonatzea eta horiei lesio psikologikoak eragitea.
Fiskaltzak eta akusazioek 44 urterainoko kartzela zigorrak eskatu zituzten akusatuarentzat.
Bizkaiko Auzitegiak astearte honetan emandako ebazpenaren arabera, 25 urteko kartzela-zigorra ezarri diote hilketa delitua egotzita, genero eta ahaidetasun larrigarriekin.
Guraso-ahala kendu diote eta galarazita izango du datozen 35 urteotan alabak dauden tokira hurbiltzea edo haiekin harremanetan jartzea.
Bi umeak abandonatzeagatik, bi urte eta sei hilabeteko espetxealdia ezarri diote; bikotekideari tratu txarrak emateagatik, urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorra; eta alabei eragindako kalte psikologikoagatik, lau urteko zigorra.
Horrez gain, 390.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko die bi haurrei eta beste 110.000 euro Maguette Mbeugouren anaiari. Bera izan zen akusazio partikularra epaiketan eta orain berak hartu du bi ilobak zaintzeko ardura.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere hartu zuten parte epaiketan, herri-akusazio eta akusazio partikular moduan, hurrenez hurren.
Tratu txarrak eta ankerkeriaz egindako hilketa
Epaiaren arabera, bi alabekin lotan zegoenean egin zion eraso gizonak emakumeari. Berehala itzartu zen eta aurre egin zion, baina ez zuen senarra gelditzea lortu "indartsuagoa zelako eta indarkeria erabili zuelako".
Lepoa moztu zion, baina hil aurretik 80 labankada baino gehiago eman zizkion, "ahalik eta min gehien eragiteko asmoz".
Gainera, Maguette Mgeubouk tratu txarrak, mehatxuak eta jazarpen ekonomikoa sufritu zituen. Tratu txarrak gutxienez 2018ko maiatzetik pairatu zituela ebatzi dute.
Horrez gain, hilketa horren ondotik bi umeek arazo psikologiko eta emozional larriak jasan dituzte. Eta egun, hiru urte geroago, laguntza terapeutikoa behar dute.
Gizonak emaztea hil zuela aitortu zuen atxilotu zutenean, baina aitortza hori ez dute kontuan izan epaia ematerakoan, benetakoa izan ez zela argudiatuta; izan ere, bere burua defendatzeko bertsio paralelo bat asmatu zuela eta bertsio hori oinarritzeko froga faltsuak prestatu zituela ondorioztatu zuten epaiketan.